Hezkuntza Plataformen Topaguneak LOMCEren aurka egin du sistema propioaren aldeko bozka eskatuz

uriola.eus 2016ko ira. 17a, 19:39

Ikasturte berria hasita, Hezkuntza Plataformen Topaguneak aurreko hiru ikasturtetik abian jarraitzen duen LOMCEren aurkako jarrera erakutsi du. Hezkuntza komunitateak, familiek zein ikasleek aurrera eramandako borrokan, argi azaldu dute euren postura: sistema propioaren aldeko bozka. 

Plataformak zenbait proposamen eta aldarrikapen aurkeztu ditu datorren legegiltzaldiari begira, besteak beste, "hezkuntza akordioen aroa" izan dadila eta ez "Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakiena", LOMCEri planto egiteko legegiltzaldia izatea eta ez "Heziberriren izenean ezkutatutakoa". 

Horretarako, Hezkuntza inbertsioa kontsideratzea aldarrikatu dute, ez gastua. Horretaz gainera, eskola Euskal Herriaren "aniztasunaren eredu" izatea nahi du plataformak eta ez edukiak barneratzen dituzten "roboten sortzaile". Alternatiba modura argi azaldu dute kalitatezko Hezkuntza Sistema Propio eredugarri batekin "harro" egon nahi dutela. Hori guztiari buelta eman ahal izateko, gaur arte Lakuatik sustatu diren politikak aldatzea beharrezkoa dela adierazi dute, EAJ, PSE, Elkarrekin Ahal Dugu eta Euskal Herria Bildu talde politikoei zuzenduz euren hitzak.