Patxo Telleriak 'Igelak' aurkeztuko du Zinemaldian

uriola.eus 2016ko ira. 20a, 09:50

'Igelak' filmeko lantaldea - Argazkia: David Herranz (www.blogseitb.com/igelakpelicula)

Zinemira zikloak inoiz baino euskal produkzio gehiago aurkeztuko ditu aurtengo Zinemaldian. Guztira, 17 lan. Horietako bat da Telleriak idatzi eta zuzendu duen Igelak. Gaurko Euskal Zinemaren Galan Ramon Bareak Zinemira saria jasoko du.

Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioaren baitan, Euskal Zinemaren Galan, ikusi ahalko da lehen aldiz Igelak, Victoria Eugenia antzokian. Hodeiak margotzeko makina (2009) eta Bypass (2012) idatzi eta Aitor Mazorekin batera zuzendu ostean, Donostian estreinatuko duen hirugarren lan luzea du Telleriak.   

Delitu ekonomikoengatik ihesean identitate faltsupean ezkutatuko den banku bateko bulegoko zuzendaria da filmeko protagonista (Gorka Otxoa). Etxegabe batzuren artean aurkituko du babesa iruzurtiak. Protagonistaren ondoan Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada eta Itziar Ituño aktoreak izango dira.

"Komedia soziala" da Igelak, eta oso musikala. Besteak beste, Ainhoa Arteta, Xabi Solano (Esne Beltza), Gose, Francis (Doctor Deseo) eta Gatibuk parte hartu dute soinu bandan.

Donostia inguruan zazpi astetan errodatu dute Igelak. 2 miloi euroko aurrekontua du Abra Prod ekoiztetxeak ekoitzi duen filmak. Filmax eta Barton Film arduratuko dira banaketaz. 

Argazkia: David Herranz (www.blogseitb.com/igelakpelicula)

www.sansebastianfestival.com

[2015-12-28] Patxo Telleria: "IGELAK komedia sozial bat da"

[2015-11-04] Asteon ekin deutso Patxo Telleriak 'Igelak' pelikulearen filmaketeari