Urriaren 11n eta aurreko egunetan lagun artean kantatzeko gonbita

uriola.eus 2016ko ira. 20a, 13:47

Begoñako amaren eguna ez ezik Txikiteroen Eguna ospatzen da urriaren 11n Bilbon. Aurten, 53. festa ospatuko dute, eta parte-hartzea zabaltzeko Bizkaiko eta inguruko abesbatza eta koruei gonbidapena luzatu diete. 

Kalera irten eta "gainerako gizakiekin bizitza konpartitzeko beharrizana" sentitzen dute txikiteroek. Pertsonen arteko harremanetan kantua "komunikatzeko eta senidetzeko tresna" da 1997. urtetik lanean ari den Txikiteron Artean lantaldeko kideen esanetan.

Hori dela eta erabaki dute deialdi publikoa egitea Bilboko, Bizkaiko eta inguruko koruei: "Urriaren 11n Alde Zaharrera etortzeaz gain, 53. Txikitero Festa ospatzera, aurreko egunetan ere etor daitezela". Hain zuzen ere, urriaren 4tik ekin nahi diote kantuari, "ahotsa berotzeko". 

Argi azaldu dute "ez dela emankizun formala" izango, "gure abestiak eta bilbainadak" abestera Alde Zaharrera hurbiltzen den lagun arteko jarduera baizik. "Konpromiso profesional gabe", kantatzeak ematen duen "plazer hutsagatik". 

Egitasmo honetan parte hartu nahi duten taldeei Bizkaiko Abesbatzen Elkartearekin (Tel: 94 424 40 05) edota Bilbao Historiko elkartearekin (Tel: 94 679 33 79) harremanetan jartzeko eskatu diete, "jan-edanera non gonbidatuko dituzten tabernak koordinatu ahal izateko".