'365 Jazz Bilbao-Antzoki' zikloak Sendecki-Olejniczak bikotearen kontzertua jasoko du gaur

uriola.eus 2016ko ira. 21a, 11:00

Apirilean jarri zen abian 'Jazz Bilbao-Antzoki' zikloa, Bilbao 700 fundazioak nazioarteko jazzaren panoramako kartel zabala aurkeztuta. Oraingo honetan Vladyslav Sendecki eta Andrzej Olejniczak poloniar artistek osatutako jazz-bikotearen txanda da. Gaur, irailak 21, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian eskainiko dute kontzertua.

Hard-bop garaikidearen inguruan dabil bikote honen musika eta Sendeckiren eta Olejniczaken konposizioetan dago oinarrituta. Nazioarteko jazzaren eraginak nabariak dira haien musikan. Gaur egun bidai-lagun zahar hauek biekin beste artista bi aritzen dira: Michael Baranski (baxu-jotzailea) eta Mark Mondesir (bateria-jotzailea). Beraz, laukote bat osatzen dute. 

Gure urian lehenago ere egonak dira: 2006ko Aste Nagusian Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera jazz-laukotearentzako eta orkestra sinfonikoarentzako proiektu bat estreinatu zuten.

‘365 Jazz Bilbao’ zikloak irmo jarraitzen du programaren kalitaterik onena jazz-zaleentzat eta egun batez jazzaz gozatu nahi dutenentzat eskaintzeko konpromisoarekin. Bederatzi urte hauetan zikloa sendotu egin da uriaren kultura eta aisialdi-eskaintzan.

Sendecki-Olejniczak

1970eko hamarkadaren amaieran hasi ziren musikari hauek biak elkarlanean jarduten, Poloniako jazz-talderik garrantzitsuenetako bateko kideak zirela, ‘Extraball’ taldeko kideak zirela. Musikarekiko kezkak, gustuak eta interesak partekatzeak haien taldea sortzera eraman zituen. Horrela sortu zuten ‘Sunship’ taldea. Handik gutxira Polonian ez ezik Europa guztian ere arrakastarik handiena zuten taldeen artean egon zen. 

1999an, Vladyslav Sendecki eta Andrzej Olejniczak batu ziren Alemaniako Frankfurt/Main-eko jazz jaialdian parte hartzeko eta elkarlanean jarraitzeari ekitea erabaki zuten. Vladyslav Sendeckik gaur egun pianista eta musikagile dihardu eta moldaketak ere egiten ditu. Amerikako kritikak (Village Voice) mundu-mailako jazz-pianistarik interesgarrien artean kokatu du. Beste alde batetik, Andrzej Olejniczak Espainian bizi da 1984az geroztik eta musika-proiektu ugaritan kolaboratu ohi du, jazzetik musika klasiko edo poperaino. Saxofoi eta hari-laukotearentzako musikaren lau disko grabatu ditu liderra izanik.

Sarreren salmenta

Sarreren prezioa 6 euro da eta Kutxabank kutxazainen sarean, www.kutxabank.es helbidean eta Campos Eliseos antzokiko leihatiletan eros daitezke.

Bilbao 700 fundazioak antolatutako ‘365 Jazz Bilbao’ zikloari buruzko informazioa hemen: www.bilbao700.eus.