Familiartean

uriola.eus 2016ko ira. 20a, 13:25

Argazkia: galerialumbreras.com

Ivan Chacon margolariaren lanak ikusgai daude Lumbreras galerian. Secuencias familiares izeneko erakusketan "inguruan dituen edo izan dituen pertsonak, gauzak eta lekuak" bildu ditu. 

EHUko Arte Ederretako Fakultatean masterra egiten dagoela margotu ditu Ivan Chaconek (Bilbo, 1989) koadro gehienak, 18 bat. Bi akuaforte ezik, gainerakoak olioak dira. Pintura esparruan egin duen "lehen murgilketa serioa" dela nabarmentzen du.

Margotzeko "aitzakiarik eta modelorik bikainenak" erabili ditu. Bere senideak, lagunak, leku ezagunak, berraztertu dituen objektuak... Argazkiak baliatu ditu "ezinbesteko laguntza" gisa, interesgarri irizten dituen ezaugarrietan sakontzeko: argia, mugimendua eta distantzia. Finean, "airea". Velazquezek maisuki landu zuen airea, eta "ingeraden lanketaren mende eta trantsizioen leuntasuaren mende" dagoena. 

Prozesuan J.A Goytisoloren poesia eta, Velazquezen margolanekin batera, Edward Hopperrenak izan ditu erreferentzia nagusi. "Hain zurbil, hain estanko, hain mutu... hain eder eta benetako. Beste klaseen berekoikeria eta miseriak zanpatutako klase ertainaren isla. Ito behar duen marinel kontziente eta ahalmen gabe bat bezalaxe. Esan ohi den moduan, 'egokitu zaidana'. Gertaeren aurrean erdiko puntua, gris egoki bat aurkitu nahian ahalegintzen naiz, poztasunaren eta atsekabearen artean", dio artistak. 

Errealismo joerak jarraitu ditu Chaconek, baina bere estiloak tradiziotik gehiago du bogan dagoen 'hiper' adierazpidetik baino. Begi-bistakoa da xehetasun maila handia, baina tartean badira nahaste txiki batzuk -bukatu gabeko atalak, igurtziak, gardentasuna planoetan, borroka ingeradetan, geometria apurtuak eta berriginak...- azken emaitzari "vibrato gizatiarra" ematen diote. "Batik bat, ez dut uste beharrezkoa denik gehiegi kontatzea". 

Secuencias familiares erakusketa urriaren 22ra arte ikusi ahalko da Lumbreras galerian (Henao 3). 

Argazkia: galerialumbreras.com