Sei aretotan izango dira musika kontzertuak bost egunez jarraian. Sartu ahal izateko ez da dirutan ordaindu beharko. Janaritan baizik. Galkorra ez den kilo bat elikagai eman beharko dute musikazaleek areto sarreran. Arroza, pasta, lekariak, azukrea... plastikozko paketetan, kristalezko ontzietan edota latetan. Nahiago duenak aurretiaz eraman ditzake elikagaiak Bilborockera edota Power Records dendara eta sarrerengatik trukatu.
"Poltsikotik ateratako bost euro emateak baino inplikazio handiagoa adierazten du kilo bat janari eramateak kontzertu-areto batera", Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkarien esanetan. Pozik daude ostalari, kontzertu programatzaile eta musikariek egindako ahaleginagatik "desoreka egoeran dauden pertsonei" laguntzeko.
Solifest jaialdia, Ideiak Martxan lehiaketan saritutako zortzi egitasmoetako bat da.
Kontzertuak
Gaur, ostirala (hilak 23), 20:30etik aurrera, Hika Ateneoan, King Cayman, Sulky Boy eta Purple Vellocet entzuteko aukera izango da. Afterparty jaia, berriz, Shake Bilbao aretoak hartuko du 23:30etik aurrera La Indieteca eta La Peñita taldeekin.
Larunbatean (hilak 24), 21:00etan hasita, Fever aretoan, Leun, Noise Nebula eta Tigres Leones eta afterparty jaian The Lookers, Say Yes, DJ Santo eta Astro Zombik parte hartuko dute.
Bukatzeko, igandean (hilak 25), 19:00etan, Satelite-T aretoan, Los Vinagres taldeak eskainiko du zuzenekoa.