Ramon Barea: "Orain ari naiz neurria hartzen, orain egin ditzaket gauzak hobeto; beraz, kontuz"

prestaldizkaria 2016ko ira. 21a, 15:00

Argazkiak: @EzaeElkartea eta @sansebastianfes

Zinean aktore ibilbidea Donostiako Zinemaldian hasi zuen 1981ean eta bertan jaso du hunkituta bere ibilbide profesionala aitortzen duen 2016ko Zinemira saria. Aurrejubilatzetik urruti, inoiz baino ziurrago sentitzen da Ramon Barea. Euskal zineman, antzerkian eta telebistan "aintzindari" izan den belaunaldiko kideekin eta bere "neska-lagunekin" partekatu du saria. 

Euskal Zinearen Galan, 64. Donostiako Zinemaldian, "bihotz bihotzez" eskerrak eman ditu Ramon Bareak Victoria Eugenia antzokiko pantaila erraldoitik -Madrilen baitago egunotan Mario Gasen zuzendaritzapean Incendios antzezten-. Zinemira sariak "esanahi berezia" du Barearentzat. Izan ere, Donostiako Zinemaldian izan zuen "lehen parte-hartzea zine munduan". Imanol Uribek 1981ean zuzendutako La fuga de Segovia filmeko beste aktore batzurekin batera, "debuta" egin zuen. 

35 urte beranduago, "ez dakit sari hau aurrejubilatzeko erregua den, 'nahikoa duzu Ramon', esateko mezua", dio umoretxu. Baina, Ramon aurrejubilatzetik urruti dago. Une goxoa bizi du. "Orain ari naiz neurria hartzen, orain egin ditzaket gauzak hobeto; beraz, kontuz", erantsi du. 

Bere belaunaldiari eskaini dio Donostiako Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek ematen duen saria: "Sari hau gauza askoren abentura abiarazi genuen belaunaldiarentzat da. Belaunaldi ahaztua izateko arriskua dugu. Bihotzez lan egin dugun belaunaldia gara. Zuoi eskaini nahi dizuet". 

"Politikoki ez-zuzena" dela jakitun, bere 'neska-lagunei' ere eskaini die saria. Kakotx arteko 'neska-lagunei': "Nire bizitza sentimentala eta pertsonala ez ezik nire abentura profesionala partekatu duzuen bidelagunei, nire lan-bizitza bultzatu eta lagundu duzuenoi".  

Aintzindari, abantaila eta desabantailekin

'La fuga de Segovia-ko belaunaldia' da Barea. 'Euskal zinea' deitu zitzaion hartako belaunaldia. 1981ean Bilboko antzerkitik Donostiako zinearen "glamourrera" jauzia egin zuena; esperientzia "deskribaezina". Furgoneta zamatzetik Ayeten pintxoak jatera pasa ziren Barea eta lagunak. 80ko hamarkada hasierako zinemaldian, "denak ematen zuen oso garrantzitsua".

La fuga de Segovia-ren ostean etorri ziren, La conquista de Albania (1983), La muerte de Mikel (1984)... 'La zinea' deiturikoa. Zine hasiberria zen, "euskal zinearen industriaren bila zebilena", eta bertan aktoreek "modu garrantzitsuan" parte hartu zuten. "Hori ere gogoratu beharra dago", dio Bareak, "batzutan oroimenean galdu egiten baita". Zelan lagundu zuten "modu garrantzitsuan"? Esaterako, "gutxi kobratuz, iluso handia jarriz, bizkaitarrok gizpukoarren etxean biziz... Orduan ez zegoen hotelak ordaintzeko aurrekonturik, izan ere asko ginen".

"Aintzindari izateak, horrelako kasuetan, abantailak eta desabantailak ditu". Sasoi hura "maitasunez" gogoratzen duen arren, ez ditu aipatu gabe utzi nahi "euskal antzerki profesionalean aintzindari izateak" berarekin zekartzan ondorioak, besteak beste, argiak eta furgonetak erostea, "antzeztu ahal izateko".

Zinean aintzindari izateak "cache sinbolikoak" kobratzea zekarren eta "norberarena jarri behar izatea". Baita norberaren alkondara ere. Ramonek badu alkondara gorri eta beltz bat euskal pelikula askotan lan egindakoa. "Askojakina". Dioenez, "jantzitegiko beste edozein baino egokiagoa, betiere, norberarena".  

Telebistaren hastapenetan ere, "beste behin", aktoreek nork berea jarri behar izan zuten. "Ai... gure telebista txikia baita, gure autonomia erkidegoa txikia den bezala". 

Abantailak eta desabantailak balantzan jarrita, aintzindari izatea "txerrikeria da", baina egoera hura "horrela iritsi zitzaigun".

 

[2016-09-21] 'Ramon Barea maite zaitut'