Gizarte estatus desberdineko pertsonen harremanei buruzko 'Invencible' lana Arriagara helduko da

uriola.eus 2016ko ira. 22a, 08:56

La mentira lanaren estreinaldi handia jaso eta egun gutxira, Estatu mailako beste estreinaldi handi bat jasoko du Arriaga Antzokiak, oraingo honetan Jordi Galceranek moldatu duen Torben Betts egile britainiarraren Invencible antzerki komedia. 

Nazioartean ospe handia duen Maribel Verdu antzezle handiaren presentzia azpimarratu behar da Natalia Verbeke bezalako beste artista bikain bat ere baduen antzezle taldean. Haiekin batera ariko dira Jorge Bosch eta Jorge Calvo bezalako bi antzezle bikain, jendeak asko ezagutzen dituenak, biek ere ibilbide luzea dutelako agertokietan.

Beraz, Invencible lanak, lehen mailako lau antzezle ikusteko aukera ematen du, Daniel Veronese zuzendari argentinarraren agindupean. Elkarrekin, azken garaietako antzerkiak eskaini duen gizarte satira interesgarrienetako bat eramango dute eszenara, izan ere, gizarte eta kultura aldetik estatus desberdina duten pertsonen arteko harremanen ankertasuna erakusten du.

Invencible bihar, gaur, irailak 22, estreinatuko da, arratsaldeko 20:00etan, eta ostiralean ere ordu berean eskainiko da. Larunbatean, irailaren 24an, antzezlanaren bi emanaldi eskainiko dira, bat 18:00etan eta bestea 21:00etan eta, azkenik, igandean amaituko da Arriaga antzokiko estreinaldi handiaren egonaldia, arratsaldeko 19:00etan hasiko den azken emanaldiarekin.

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Sinopsia

Goi mailako gizarte eta kultura estatusa duen bikote bat kanpoaldeko auzo umilago batera joan beharko da, krisi ekonomikoaren eraginez, eta auzokideekin hartu-emanak izatea erabakiko du, ingurune berrira hobeto egokitzeko. Baina hasiera batean asmo onez egindako zerbait dirudiena, benetako amesgaiztoa bilakatuko da bi aldeentzat, bikote ahulenari kalte konponezina eraginez.