2016-2017 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak abiatu du bere bidea, zabaldu da izena emateko epea eta Euskal Herriko euskaltzale guztiei egin nahi diegu proposamena: astean ordu betez beste pertsona batekin elkartu eta euskaraz aritzeko agendan tartetxo bat egitea. Izan ere, urteetako esperientziak erakutsi du askok egunerokotasunean euskaraz bizitzeko saltoa eman dutela, bidelagun izan dituzten mintzalagunei esker.
Aurten ere herri eta eskualde askok zabalduko dizkiote ateak Mintzapraktikan aritzeko aukerari, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteekin eskuz-esku. Guztira, Euskal Herriko 76 herri, hiri eta eskualdetan existitzen dira euskaraz hitz egiteko taldeak.
Mintzalagun bihurtzeko arrazoiak asko izan daitezke: ahaztutako hizkuntza freskatzeko, jende berria ezagutzeko, ilobarekin hitz egiteko, beste batzuei hori guztia egiten laguntzeko… baina denek badute zerbait amankomunean: aisialdiaz euskaraz gozatzen dute eta, arian-arian, lagun giro euskalduna sortzen dute. Askok, gainera, egitasmoaren helburua bete ostean ere elkartzen jarraitzen dute.
Euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzen dituzte Mintzapraktika egitasmoek, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Astero 6.000 Mintzalagunek baino gehiagok euskaraz bizitzearen alde eragiten dute, elkarrekin ordubetez euskaraz arituz.
Bospasei laguneko taldeak izaten dira Berbalagun, Solaslagun, Mintzakide edo Mintzalagunak: batzuk beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako lotsa galtzen dute eta konturatzerako euskaraz aritzen dira berbetan. Besteek, berriz, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen lagunduz euskarari ekarpena egiten diote.
Parte hartzeko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea. Geroz eta jende gehiago ari da bihurtzen Berbalagun, Solaslagun, Mintzakide edo Mintzalagun, eskatzen duena baino askoz gehiago ematen duelako bueltan esperientzia honek.
Astean ordubetek askorako ematen du, Mintzapraktikak hori ere erakutsi digu. Jende asko ordubetez euskaraz aritzeko elkartzeak euskal hiztunak ugaritzen dituela, harreman berriak sortzen dituela eta hizkuntza bat bidelagunekin batera ikasten bada, orduan indartzen dela haren erabilera.
Mintzapraktikan izena emateko aukera eta informazioa hiri, herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus gunean duzu eskura.