Kirikiño plazan hainbat aukera dago egunotan. Umeentzako jarduerak, Bilbobus batean paratutako multimedia-gela edota bide-segurtasuneko zirkuitu bat. Haurrentzako antzerki-emanaldiak ere badira.
Ekintza guzti hauek helburu bakarra dute "zentzuzko mugikortasuna, ekonomia sendoa" sustatzea. Hori da aurtengo Mugikortasunaren Aste Europarraren goiburua. Zenbakitan, kotxea bizikletagatik aldatzen duenak "urtean 3.000 euro aurrezten ditu", Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziaren esanetan. Gainera, "bizikletari bat, garraio publikoa erabiltzen duen pertsona bat edo oinezko bat auto-gidari bat baino bezero hobea da tokiko merkataritzarentzat". Izan ere, onura asko ditu mugikortasun iraukorraren azpiegituretan eta bizikletan ibiltzeko politiketan inbertitzeak, besteak beste, "osasun gastu gutxiago eta diru sarrera gehiago dakartza erakundeentzat". Alegia, "ekonomia indartsua".
Bizikleta elektrikoen mailegurako postua
Ibilgailu elektriko eta jasangarrien erakusketaren barruan, Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Sailak bizikleta elektrikoak Bilbon Bizi zerbitzuan maileguan hartzeko esperientzia aurrendaria jarri du abian Kirikiño plazan. BonoPark, Orbea eta BHren laguntzarekin, herritarrek dohainik hartu ahal izango dituzte maileguan zenbait bizikleta elektriko, Bilbon zehar ibili ahal izateko, 10:30etik 19:30era. Ordu erdirako utziko dira bizikletok eta erabiltzailea arduratuko da egoera egokian mailegu-puntura itzultzeaz.
Bilbobus erakusketa-gela
Bilbobus erakusketako autobusa ere Kirikiño plazan kokatuta dago. Han, Bilboko garraio publikoaren historiari, oinezkoen alderdiak sortzeari, multimodalitateari eta abarri buruzko zenbait ikus-entzunezko erakutsiko dira 10:30etik 20:00etara.
Bestalde, Bilbobus erakusketa-gelaren kanpoaldean ikusgai daude auzoko ikastetxeetan egindako lehiaketan parte hartu dutenen marrazkiak eta idazlanak.
Haurrentzako kaleko antzerkia
Lastima antzerki taldeko hiru aktore, arraroak, bai. Bereziak, hobeto esateko eta, jakina, atseginak, sano atseginak. Garraio publikoa erabiltzearen alde onak irakatsiko dizkie txikerrenei. Hiru egoera, hiru arrazoi bidaiatzeko eta hiru jomuga arrazoi berak uztartuak, bidaiak. Gaur, bi emanaldi eskainiko dituzte Kirikiño plazan 12:00etan eta 18:00etan.
Irala GBA
Irala auzoa Giro Baretuko Alde (GBA) bihurtzeko aukera aztergai izan dute asteon herritarrek. Auzoan ibilgailuen zirkulazioa baretzea da helburu nagusia. Horretarako bai auzotarren bai Udaleko teknikarien ekarpenetatik ateratako neurriak aurkeztu dira. Zenbait hilabete iraungo duen prozesu honen abiaburu moduan, Iralako auzotarren gutunontzietan, Mugikortasunaren Aste Europarraren programarekin batera, galde-sorta bat banatu da, Irala auzo atseginagoa egiteko proposamenak jasotzeko. Galde-sorta horiek Kirikiño plazan herritarrei argibideak eskaintzeko jarri den informazio-puntuan entregatu ahal izango dira, 10:30etik 20:00etara. Gaur da proposamenak egiteko azken eguna.