Saria aniztasunaren abantaila ondoen aprobetxatzen eta erakusten dutenentzat

uriola.eus 2016ko ira. 22a, 12:12

Argazkia: @ICCities

Bilboko, Donostiako eta Getxoko Udalek Diversity Advantage sariaren deialdia aurkeztu dute. Lehiaketaren helburua "aniztasunaz dugun paradigma mentala aldatzea" da, antolatzaileen esanetan. "Problemekin", "gatazkekin" zein "mehatxuekin" erlazionatutako kontzeptuetatik askatu eta "aukera", "baliabide" edota "abantaila" bezalako kontzeptuekiko lotura indartzea.

"Aniztasunaren abantaila ondoen aprobetxatu dutela" erakusten duten tokiko ekimenak identifikatu eta sarituko ditu Diversity Advantage lehiaketak. Urriaren 31ra arte deialdira aurkeztu ahalko dira toki edo lurralde-mailako herri administrazioek, enpresek, gobernuz kanpoko erakundeek, gizarte-entitateek, hezkuntza, kultura zein kirol zentroek abian jarritako ekimenak.

Ideia hauxe da: "Aniztasunari kulturarteko printzipioetatik heltzea eta kudeatzea; hau da, berdintasunetik, bereizketarik gabe, inklusiotik eta interakzio positibotik heltzea eta kudeatzea. Orduan, aniztasuna abantaila izan daiteke gizarte, ekonomia, hezkuntza, kultura zein ongizate-arloetako emaitzei begira, eta emaitza positiboagoak lor daitezke aniztasun hori egongo ez balitz edo kudeatzeko modu jakin bat erabili izan ez balitz baino".

Proposamenak urriaren 31ra arte aurkez daitezke, deialdiko oinarrietan agertzen den fitxa-eredua erabilita. Azaroan eta abenduan hautatzeko prozesua izango da.

Aukeratutako proiektuan egindako lana baloratzeaz gain, EAEn garatutako ekimen guztien azterketa ere egin nahi dute Bilboko, Donostiako eta Getxoko Udalek eta Caixaren Gizarte Ekintza Fundazioak Diversity Advantage lehiaketaren bitartez. 

 

Saria

Saria ez da ekonomikoa izango. "Laguntza izango da, esperientziarik azpimarragarrienen ebaluazio sakonagoa eta, estatu zein nazioarte-mailan Europako Kontseiluaren bidez, zabalkunde eta bisualizazio-estrategia egiteko; hau da, beste lurralde batzuetara egokitzea sustatzeko".

 

Kulturarteko Hirien Sarea

Bilboko, Donostiako eta Getxoko Udalak Kulturarteko Hirien Sareko (RECI) partaideak dira, estatutako beste hiri batzuekin batera; esate baterako, Bartzelona, Castellon de la Planta, Fuenlabrada, Jerez, Tenerife edo Sabadellekin batera. Kulturartekotasunean oinarritutako aniztasunaren kudeaketaren arloko politikak sustatzeko konprometituta daude sareko hiriak. Hiri horiek metodologiak, tresnak eta praktika onak partekatzeaz gain, aniztasuneko kultura sustatzeko proiektuetan parte hartzen dute batera.

Europako Kontseiluak Intercultural Cities programaren barruan 2015ean izandako esperientziaren ildotik, la Caixaren Gizarte Ekintza Fundazioaren laguntzaz, RECIk 'Desafío RECI 2016 Diversity Advantage' ekimena jarri du abian hain zuzen, aniztasunaren abantaila ondoen aprobetxatu dutela erakutsi duten ekimenak identifikatzeko.

bilbao.net

ciudadesinterculturales.com

coe.int/en/web/interculturalcities