Kontzertuz beteriko denboraldia eskainiko du Udal Musika Bandak 2016-2017an

uriola.eus 2016ko ira. 22a, 10:15

Udal Musika Bandako zuzendari titularra den José R. Pascual-Vilaplana, 'Bandarekin bidaiatuz' izeneko denboraldi berriaren zuzendaria izango da. Programa, aurreko ostiralean, irailaren 16an, hasi zen eta apirilaren bukaerara arte luzatuko da.

Gaur goizean, Nekane AlonsoKultura Zinegotziak; Ana Madariaga BilbaoMusikako Zuzendari Kudeatzaileak  eta Jose R. Pascual Vilaplana Udal Musika Bandako Zuzendari Titularrak, Musika Bandaren 2016-2017 denboraldi berriko kontzertu programa aurkeztu dute. Programari, aurreko ostiralean eman zitzaion hasiera eta apirilaren bukaerara arte luzatuko da. 'Bandarekin bidaiatuz' izeneko kontzertu zikloaren bitartez zuzendari titularra den Jose R. Pascual Vilaplanak soinu ekipaje eklektiko, askotariko eta eskuzabal bat eskainiko die ikusleei, modu intelektual eta artistikoan hazi ahal izango direnak, "ez baitago ezagutza hoberik gizatasunez eta konplizitatez blaitutako kultura baino". 

Denboraldia, aurreko ostiralean, irailaren 16an, hasi zen Azkuna Zentroko Kulturen Aretoan 'Emoziozko bidaia' kontzertuarekin, hain zuzen ere. Bandako 45 musikari baino gehiagok, Iñaki Urkizuren (Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea) zuzendaritzapean, errepertorio zabala eskaini zieten era guztietako entzuleei. Kontzertuan J. Barnes, Ph. Sparke, A. Waignein, A. Ferriz eta B. Appermonten lanak interpretatu ziren. Era berean, ostiral honetan, hilak 23, Azkuna Zentroan denboraldiko bigarren kontzertua ospatuko da. Kasu honetan Jose R. Pascual Vilaplana izango da zuzendari eta Ferrer Ferran, Eric Whitacre, Dana Wilson, Mark Camphouse, Guillermo Ruano eta Carlos D. Peralesen obrak joko dira. 'Sentsaziozko bidaia' izeneko kontzertua aurten 50. urte betetzen dituen DYA elkartearen omenez egingo da.

Euskalduna Jauregia, ohiko eszenatokia

Azkuna Zentroan egingo diren bi kontzertuen ondoren, Musika Banda bere ohiko eszenatokietako batera itzuliko da, Euskalduna Jauregiko Auditoriora, hain zuzen ere. Bertako aktuazio gehienak, igandeetan, eguerdiko 12:00etan izango dira eta prezio herrikoia izango dute, 2 eurokoa. Ohikoa den bezala, kontzertu bereziek 5 euroko kostua izango dute, besteak beste: abenduaren 19koa (Gabonak), urtarrilaren 22koa (Gernikako bonbardaketaren LXXX. urteurrenaren omenaldia) eta martxoaren 12koa (La Decada Prodigiosa eta Serafin Zubiri). Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Euskalduna Jauregiko lehenengo kontzertua, 'Itsaso bien arteko bidaia', urriaren 9an izango da eta Pascual Vilaplana zuzendari gisa ibiliko da. Entzuleek Jesus Guridiren Mirentxu, Albert Guinovarten Les mans del vent, Jose Mª Usandizagaren Bidasoa edota Miguel Asins Arboren Mare Nostrum obra sinfonikoekin disfrutatu ahal izango dute.

Gauzak horrela, hurrengo bi kontzertuetan Bandak, La Pamplonesa Musika Bandarekin jardungo du eszenatokian. Iruñeako taldea 1919an sortu zen eta egun J. Vicent Egea du zuzendari. Lehenengo ekitaldia, 'Bidaia Iruñetik' izenekoa, Euskalduna Jauregian ospatuko da eta musikariek tronpetan graduatua eta Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan Konposizioa eta Koro eta Orkestra Zuzendaritzan titulatua duen J. Vicent Egearen zuzendaritzapean jardungo dute.

Modu berean, hurrengo igandean, Bilboko taldeak Iruñeara bidaituko du eta Gayarre Antzokian, 'Bidaia artean zehar' izeneko kontzertuan Alfred Reed, Philip Wilby eta Santiago Quinto Sernaren obrak interpretatuko ditu Jose R. Pascual Vilaplanak zuzendari dutela.

Azaroan 'Bandarekin bidaiatzen' jarraitzeko aukera izango dute entzuleek, betiere Euskalduna Jauregiko Auditoriotik atera gabe. Hilaren 6an, adibidez, 'Bidaia musika britainiarrarekin' ekitaldiaren bitartez britainiar kulturan murgildu ahal izango dira Dr. Timothy Reynish zuzendariarekin batera. Bestalde, azaroaren 26an, larunbata, Bandako musikariek Bilboko Koralarekin jardungo dute Azkuna Zentroan Fair Saturday (kulturaren bitartez giza-kausen alde egiten duen ekimena) ospatzeko xedez. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta sarrera guztiz doakoa izango da. Beste alde batetik, azaroaren 30eko kontzertuan entzuleak 'Bidaia artean zehar' ibiliko dira Jose R. Pascual Vilaplana zuzendariarekin eta Jose V. Ripoll (saxofoi altua) solistarekin batera.

Udal Bandak 2016ari agur esango dio abenduaren 19an Euskalduna Jauregian. Baina ez du edozein modutan egingo. 'Bidaia irudimenera' izeneko kontzertua berezia izango da oso. Gabonen gertutasuna dela eta, Bilboko Banda BilbaoMusikako Haurren eta Gazteen abesbatzarekin batera Jesus Santandreuren Chinese children’s songs symphonic invention, Franco Cesariniren Tom Sawyer suite, Thomas Dossen The colors of Tali edota Bert Appermonten Celtic child bezalako obra ezagunak interpretatuko dituzte Jose R. Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean. Patxi Gonzalez aktorea ere izango da ekitaldian, aurkezle gisa.

Eta 2016. urtea era oso berezian agurtzen bada, 2017a modu berean hasiko da. Urteko lehenengo kontzertua, urtarrilaren 22an Euskalduna Jauregian ospatuko da eta Gernikako Bonbardaketaren LXXX. urteurrena omenduko dute. 'Bidaia Gernikara' titulupean Bandak, Gorka Hermosa akordeoilari famatuarekin, BilbaoMusikako abesbatzekin eta Bilboko Txistularien Bandarekin batera Miguel Asins Arbo, David Snow, Jan Hadermann eta Gorka Hermosa beraren obrak interpretatuko ditu, lehen aldiz.

Bilboko Bandak kontzertu zizkloa otsaileko lehenengo asteburuan jarraituko du Musikeneko, Euskal Herriko goi-mailako ikastegiko, profesionalekin batera. Musikenen ikasleek klase teoriko eta pertsonalizatuaz jasotzeaz gain, bestelako ikaskuntza instrumentaletan parte hartzera ere bultzatzen zaie. Elkarrekin egingo duten lehenengo kontzertua larunbatean, hilak 4an, izango da Donostiako Musikene auditorioan eta bigarrena, aldiz, hurrengo egunean izango da, otsailak 5, Euskalduna Jauregian. 'Deskubrimenduen bidaia' izeneko ekitaldian Josep Mira Tomasen Estudi de Renonàncies per a banda estreinatuko da eta Alexander Comitas eta Bret Abigañaren lanak joko dira; denak, Udal Musika Bandaren zuzendari titularraren zuzendaritzapean. Otsailaren 19an, gonbidatu oso berezia izango da Euskalduna Jauregian, Londreseko konpositore, tronpeta eta piano jole den Philip Sparke, hain zuzen ere. 'Bidaia Philip Sparkerekin' izeneko kontzertuan zuzendariaren obrak interpretatuko dira bere batutapean. Beste alde batetik, inauteriak ospatzeko xedez, otsailaren 27an Musika Banda Plaza Barrian jardungo da eta Patxi Gonzalez izango da aurkezle.

Martxoaren 12an, Iñaki Urkizuren txanda izango da. 'Bidaia 70. Kutxara La Decada Prodigiosa eta Serafín Zubirirekin' izeneko kontzertuan bera izango da zuzendari eta ahotsa, Serafin Zubiri abeslariaren eta La decada prodigiosa taldearen esku egongo da. Bestalde, hilaren 26an entzuleek 'Bidaia memorian zehar' aktuazioarekin disfrutatu ahal izango dute. Bertan, Ximo Vicedok joko du tronboia eta J. Martinez Campos eta F. Velazquezen obrak interpretatuko dira.

Ganbarako bi kontzertu denboraldia agurtzeko

Azkenik, 2016-2017 denboraldia agurtzeko, Udal Musika Bandak 'Bi menderen arteko bidaia' izeneko bi kontzertuz osatutako musika historikoko zikloa eskainiko du. Lehenengoa apirilaren 7an izango da eta bigarrena 27an. Biak zuzendari titularraren eskutik. 

Kolaborazioak

Denboraldian zehar Udal Musika Banda bestelako talde eta bandekin batera arituko da. Nabarmentzekoak dira irailaren 23an DYA elkartearen omenez egingo den kontzertua, urriaren 23 eta 30ean La Pamplonesa Musika Bandarekin elkarlanean izango diren aktuazioak eta otsailaren lehenengo asteburuan Musikenerekin egingo diren kontzertuak. Modu berean, gonbidatu oso bereziak egongo dira denboraldian zehar, besteak beste: Albert Guinovart pianojolea, Jose V. Ripoll saxofoi altua, Timothy Reynish eta Philip Sparke zuzendariak, Patxi Gonzalez aktorea, Serafin Zubiri abeslaria, La decada prodigiosa taldea, Bilboko Abesbatza, BilbaoMusikako Abesbatza eta Bilboko Txistularien Banda. 

'Zuzendaritza orkeztralaren topaketak'

Zuzendaritza orkestralaren heziketa garaikidea eta talde instrumentalen gidaketaren garapenari zuzendutako baliabide teknikoak eta artistikoak bultzatzea helburu duten 'Zuzendaritza orkestralaren topaketak' programaren barnean, urriaren 22an kontzertua eskainiko da.