Udal Txistulari Bandak denboraldiko lehenengo kontzertua eskainiko du arratsaldean

uriola.eus 2016ko ira. 26a, 09:00

2016-2017 denboraldiari ekingo dio gaur, hilak 26, Udal Txistulari Bandak. Hitzordua, Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan izango da, arratsaldeko 20:00etan eta sarrera doakoa izango da.

"Bi txistulari eta musikari bat" lelopean, Udal Txistulari Bandak Garikoitz Mendizabal zuzendaria buru dela, eta Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak, Sabin Bikandik eta Asier Garciak osatua, hiru gonbidatu berezi izango ditu: Felix Ascasso, German Intxausti eta Jose Mª Usandizaga. Denak batera, errepertorio zabala eta ezaguna eskainiko diete era guztietako entzuleei. Azpimarratzekoak dira: Cestona, Neska mutilak azkenian pozik, Baltsa bariazioekin, Amanecer en el Pirineo, Txoriak nere herriko Sagastian, Mendi Mendiyan, Koldo, Fatxiki, Kontrapasa II eta Hondarribia.

Txistulari Banda

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: 'Bilboko Udal Txistu Banda' (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' (2006); 'Hala ere' (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; 'Bihurrikeritan' (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; 'Kantari Gabonetan' (2010) Leioako Kantika Koralarekin; 'Plazan' (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, 'X Urte, hamaika lagun' (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.