Cristina Lizarraga (Belako): “Musikan zure karisma eta izaera garatu behar duzu eta burugogor izan, bestela zapalduko zaituzte”

uriola.eus 2016ko ira. 27a, 09:44

Argazkiak: Onetxu Alvarez Grijelmo (www.instagram.com/onetxu)

Cristina Lizarraga (Bilbo, 1992) ezaguna da Belako taldeko ahotsa eta teklista delako. Taldearekin hainbat jaialditan (BBK Live, Primavera Sound, Kutxa Kultur Festival…) jotzeko eta hainbat sari (Gaztea Maketa Lehiaketa, Premio Ojo Crítica…) jasotzeko aukera izan du. Musikaria izateaz gain, Cristina alaba, iloba eta, batez ere, sortzaile geldiezina da. 

Lycée Français de Bilbaon eta Lycée Maurice Ravelen ikasi ondoren, ingelesez eta euskaraz kantatzen duzu, bitxia, ezta? 

Kantaren bat frantsesez egin dugu hizkuntzak flipatzen nauelako. Gainera, musika frantziarra entzuten dut askotan, baina egia da frantsesa oso hizkuntza zaila dela kanta batean txertatzeko. Euskarazko zatiak Josuk eta Lorek egiten dituzte, euren ama-hizkuntza da, baina euskarak eta ingelesak erraztasun bat dute: berba bakoitzeko silabari nahieran azentua ipini dakioke eta ez du belarria jotzen, gaztelaniaz eta frantsesez askoz zailagoa da.

 

Nolatan musikari? Inguruak eragina izan zuen? 

Eskola garaian, Bilboko Koral Elkartean egon nintzen, pianoa jotzen nuen eta solfeo ikasten nuen. Behartuta joaten nintzen eta sei urte eman ondoren nazkatu nintzen, eta gurasoei esan nien ezin nuela, ez nuela jarraitu nahi. Batxilergoa Donibane Lohitzunen egin nuen. Institutuan musika gela bat zegoen, bertan piano bat, bateria bat eta anpliak zeuden. Aisialdietan bakoitzak bere instrumentuak eroaten zituen eta ikasleok bat-batean jotzeko aprobetxatzen genuen. Talde bat sortu genuen, eta gustua hartu nion. Musika maite dut eta kontzertuak ikustea gustuko dut. Unibertsitate garaian, Josuren (Belakoko gitarra-jolea eta ahotsa) oso lagun egin nintzen eta musikari buruz berba egiten genuen etengabe, baina etengabe! Kuadrilla handi batean parrandan ateratzen baginen ere Josuk eta nik musikari buruz baino ez genuen egiten. Friki batzuk ginen.

 

Hala jaio zen Belako.

Josuk musikaren gainean berba egiten zidan beti. Arrebarekin eta lagun batekin talde bat osatzen ari zela esaten zidan, ea kantatzera animatzen nintzen. Lotsa ematen zidan baina azkenean esan nion 'txinalka ibiltzeko kontua da, aurrera!'. Hasiera batean, nik baxua jotzen nuen, ez nuen ideiarik ere ez, baina 'egokitu zitzaidan', Lorek, pianoa jotzen zuela-eta, teklatua bere esku geratu zelako. Kantak egiten hasi ahala ohartu nintzen zaila egiten zitzaidala baxua jotzea eta aldi berean kantatzea, eta teklatura salto egin nuen.

 

Zein musika-taldek eragina izan zuten taldea osatzeko orduan? 

Josuren oso lagun egin nintzen oinarrizko talde antzekoak entzuten genituelako: Artic Monkeys, Strokes, Radiohead, Pixies, Joy Divsion, Massive Attack, Portishead…. Bestalde, oso gustu eklektikoak ditugu, Belako entzutean oso nabarmen ez direnak, baina oinarri sendoa genuen.

 

Diozuenez, soinu “zikinaren” bila zabiltzate, “akrilikoak agoarrasarekin duen isurketa” maite duzuela, zer dela-eta ilunak liluratzen zaituzte hainbeste? Fabrikarekin zerikusirik dauka? (Oh: Belakok izen bereko fabrika batean entseguak egiten ditu). 

Sorguneak baldintzatzen du Belako eta inguruak gure soinua eraikitzen lagundu digu (reverbak, oihartzunak…). Soinua bera zikin bihurtzen zen eta oso gustuko genuen, baina sekula ez genuen erabaki soinu zikina aterako genuenik. Horrela atera zen eta kito. Pentsatzen dut horrela atera zela entzuten dugun musika nahiko iluna delako.

 

Elkarrizketa berean esan zenuten soinu inperfektuak maite zenituztela. Ondoriorik ekarri al dizue? 

Esango nuke soinu inperfektua baino, soinu perfekturik ez bilatzea eta hutsak estimatzea dela gure jarrera, xarma propioa dute eta musikari purutasun puntu bat ematen diote. Nire ustez gure onerako izan da ze ez gara saiatu musika jotzen birtuosoak izaten, eta bidean topatu ditugun gauzekin eta musika bihurtu arte berauek jorratzeko moduarekin egin dugu aurrera.  

 

 

Zer ekarpen egiten dio Cristina Lizarragak Belakori? 

Melodiak eta letrak ekartzen ditut, ahotsarekin zerikusi daukan guztia; hau da alderdi 'objektiboa'. Alderdi 'subjektiboari' dagokionez, taldearen egunerokotasunari dagokiona, alegia; amarena egiten dut batzuetan. Josu ni baino nagusiagoa da, baina ahotsa zaindu behar dudala-eta, kontzertu baten bezperan ezin naiz atera eta adi egoten naiz. Baina bueno, ez naiz bereziki arduratsua.

 

Alderdi objektiboarekin jarraituz, zer melodia mota bilatzen duzu? 

Ez dut bilatzen.

 

Bada, zeintzuk aurkitzen dituzu? 

Nik uste dut maite ditudan kantarien nahaste-borrastea egiten dudala, eta batzuetan beldurra ematen dit haien traza handia hartzeak. Hasierako Alex Turner (Artic Monkeys) gustuko izan dut beti, kantatzen zuenean rapa egiten ari zuela zirudien, baina ez zuen rap edo hip-hop egiten. Karen O (Yeah Yeah Yeahs) ere gustuko dut, gozo-gozoa da baina oihu itzelak ere egiten ditu. Hainbat erregistro saiatzen dituen kantariak ere maite ditut, David Bowie edo Julian Casablancas, adibidez, esperimentazioaren eta aurreiritzi ezaren sinboloak dira.

 

Zelan gorpuzten duzu zuzenekoetan? 

Egiten ari garenari arreta berezia jartzen ahalegintzen naiz. Egia da zuzeneko guztiak ezberdinak direla. Aurrean daukazunak baldintzatzen zaitu beti eta bat-batean, arrazoia jakin barik, entzuleren bati, infinitura, edo zure burua kanpotik begira bazeunde bezala geratzen zara. Oso sentsazio bitxia da, baina kantatzen dudanari, letrari eta melodiari, alegia; arreta ipintzen ahalegintzen naiz, bestela nik ez badut sinesten ikusleak ez du sinetsiko.

 

2013an 'Eurie' atera zenuten eta oraintsu 'Hamen' (2016) izeneko zuen bigarren LPa atera duzue. Bitartean, hainbat sari jaso dituzue eta hainbat jaialdi ospetsutan jo izan duzue baita zuentzako kuttuna den Pixies taldearekin ere. Erraza da kudeatzea hain bilakaera azkarra hain gazte izanik? 

Azkarra izan da baina progresiboa ere bai. Taldea hasi zenetik ez da geldiunerik egon, izan ere, elkarrekin jotzen eta kantak sortzen gozatzen dugu, gure pasioa bihurtu da; eta zaila da alde batera uztea. Futbola gustuko dutenen modukoak gara, astean bitan batzen gara partidak jolasteko.

 

Bai, baina, zuek Athleticen jokatzen hasi zarete. 

Oso anbiguoa da. Lagunekin honen gainean berba egiten dugu askotan. Musika gure pasioa da, eta musikatik bizitzen ahalegintzen gara, oso zaila bada ere. Jotzeak zoriontsu egiten gaitu oraindik, baina zenbat eta ardura eta gastu gehiago eskatzen dizkigu, baina aldi berean ordainsariak ditu. Nire ustez, gure buruaren aldeko apustua da. 

…. 

Gazte? Eszena profesionalari dagokionez, gazte gara, bai, baina uste dugu gure adineko talde asko ez direla gure zorte berekoak izan. Musikaren munduan, gazteekin aurreiritzi asko daude, eta askotan eskarmentuak eta ospeak ideia berriak baino garrantzia handiagoa izaten dute. Belako jaialdi garrantzitsuetan eta entzute handiko taldeekin jotzen dabil, baina zaila da letra txikitik eta goizeko ordutegitik ateratzea.

 

Dezepzioren bat bizi izan duzue urte hauetan? 

Zorionekoak gara bihotz oneko pertsonekin gurutzatu garelako, baina eskarmentu bakoak izatearren eta ustez eskarmentu handiko jendearen aholkuak entzutearren desengainuak ere izan ditugu, izan ere, nahi genuenari baino nahi zutenari eman ziotelako lehentasuna. 

… 

Promotoreekin, diskoak egitean edo jaialdietan gertatu zaigu. Ez dut uste asmo txarrez egin dutenik beti, baina 40 urtetan gauzak era batean egiten ibili denari zaila da esatea: 'Heldu berria naiz eta gauzak holan egin nahi ditut'. Berak erantzungo dizu, 'holan ez da egiten, txarto egingo da', eta zuk berriz errepikatu beharko diozu 'baietz', baina holan egin nahi duzula. Zentzu batean, eskolako jolastokien antza du, zure karisma eta izaera garatu behar duzu eta burugogor izan, nik 24 eta zuk 44 urte eduki arren, nire irizpide propioak ditudala zuri ulertarazi arte. Bestela zapalduko zaituzte.

 

Zein irizpide du Belakok? 

Egiten dugunaren gainean erabaki nahi dugu, azkenean musika gure barrutik ateratzen delako. Hori dela-eta autogestioan sinesten dugu, baina aldi berean oinak lurrean ditugu eta gure mugez jabetzen gara. Gaur, Belakok Belako Records zigilu propioa du, baina azken diskoa Mushroom Pilowsekin ekoitzi dugu lana Euskal Herritik haratago hedatzeko asmoz. Bestela, ez genuen sekula lortuko. Hori da zigiluen bete-beharra.

 

Zein helburu du Belakok disko honekin? 

Nazioartera salto egin nahi dugu. Estatuko hainbat toki zoragarri ezagutu ditugu, baina atzerrira joateko gogotsu gaude. Gastu terriblea da eta ez du ia ordainsaririk ze atzerrian ez gara ezagunak. Helburua ereitea da: kanpora lehendabiziz joatea, 4 lagunek zu ikustea, hara berriz joatea eta 20 lagun hurreratzea.

 

Laster Berri Txarrak taldearekin 'ereitera' joango zarete Berlinera, gogotsu? 

Joateko irrikaz gaude. Alemaniako giroa itzela da. Udan Berlineko etxe okupatu batean jo genuen eta oso gustura egon ginen. Kontzertuan euskaldun asko egon ziren eta hemengo dekorazio bera zegoen etxe okupatuan (presoen aldeko banderak, emakumeen borrokaren aldekoak…). Alemania beste rollo bat da, gazteagoa. Atzo Arraten jo genuen eta entzule gazteak ziren, baina litroei eta beste gauzei arreta jartzen zieten. Hanburgon ere jo genuen eta asko gustatu zitzaidan. Sankt Pauli auzoa ezagutu genuen eta peto-petoak dira. Itzultzeko irrikaz gaude, eta Berri Txarrakekin oso harreman ona dugu, pozarren, beraz.

 

 

Egin beharreko galdera bat, Belakorekin batera zer egiten du Cristina Lizarragak? 

Hemen Lycée Françaisek eta Lycée Maurice Ravelek parte izaten dute. Frantses eta Arte Plastiko klase partikularrak ematen ditut, eta biak uztartzen ahalegintzen naiz. Pentsa, asteburu guztiak kanpoan eta batzuetan aste barruan ere egonda, nora joan naitekeen lan eske esanez 'barkatu, lana emango didazu? Asteburuero kanpoan egoten naiz, batzuetan ostegunetik, besteetan asteazkenetik…'. Orduan, www.tusclasesparticulares.com webgunean nire kabuz sartu nintzen eta profila zabaldu nuen esanez frantses eta arte plastiko klaseak, eta biak aldi berean ere bai, adin eta maila guztietako ikasleei emateko gai naizela.

 

Arte-Ederrak ikasi zenituen eta gradu amaierako lana zure amama, ama eta zuen arteko harremanaren gainean egin zenuen. Zer aurkitu zenuen? 

Nire amama hil zela-eta egin nuen lana. Amamak zeukan gaixotasunaren (alzheimerraren) gainean gogoeta egin nuen nire ama bere amaren ama bilakatu zelako, rol inbertsioa gertatu zelako, alegia. Psikologia eta psikoanalisi arloak ikertu nituen: rol inbertsioak, dolua, ixten ez ditugun zauriak, eta, batez ere, hausturek, bai bikote-hausturak, bai norbait hil delako gertatzen den haustura; norbanakoaren izaera bereizi egiten dituela. Bi berbetan, nire burua nire ama eta amamaren bidez ulertzeko era bat izan zen.

 

Zer duzu eurena? 

Nik beti uste izan dut oso ezberdina nintzela. Nire ama eta nire amama emakume zientzialariak dira, amama bere kimika-promozioko emakume bakarra izan zen Zaragozan eta ama matematikaria dut; eta nik beti letrak eta artea buruan bueltaka ditut, baina oso lan metodikoa egin nuen eta ohartu nintzen nire kaosaren barruan oso buru antolatua dudala. 

 

Beste ikerketa ere egin duzu: kalean topo egiten zenuen jendeari bere kezkak galdetzen zenizkion. Zer dela-eta abiatu zenuen? 

Nire amama eta amari buruzko lana gradu amaierako lana izan zen. Horren ostean, ikerketa-master bat egitera joan nintzen Madrilera eta taldearekin jotzeko trenez, busez edo hegazkinez bakarrik joatea egokitu zitzaidan. Ez nintzen beste behin ere Eraztunen Jauna irakurtzen hasiko! (barreak). Zer edo zer egin behar nuen denbora hura aprobetxatzeko eta garraioetan jendeak hartu-emanak edukitzeko eraren gainean gogoeta egiten hasi nintzen. Oso berezia da, nor bere 'entreteni-gailuarekin' (sakelakoa, ordenagailua, egunkaria, liburua…) egoten da eta ondokoarekin, oso leku txikia konpartitzen ari denarekin, alegia; berba egitea ezinezkoa izaten da.

 

Hark jarrera aldaketa eragin zizun? 

Lana egin arte nire bolara bidaiatzen nuen, baina jendearekin berba egitea suertatu zitzaidan. Doluak kezkatzen ninduen artean, nire amama hil berria zelako, eta jendeari bere dolu propioak galdetzeari ekin nion. Lekukotzak banan-banan bildu nituen sakelakoan eta euren eskuen eta ondasunen argazkiak ateratzen nituen. Uste dut eremu publiko hori, iragate-eremu hori, alegia; psikoterapia eremu intimoa bihurtzen zela berriketan ari ginen artean.

 

Zure buruari galdetu behar izan bazenio zure dolu propioaz, zer erantzungo zenion? 

Uste dut nire amama eta amari buruzko lana hain begira barrurakoa izan zen, non kanpora begirako lana egin nahi bainuen. Bai, buruari bueltak ematen dizkionetakoa naiz eta agian horrek letrak idazten eta sortzen laguntzen dit, ze nire buruhausteak eta fobiak azaleratzeko premia dut etengabe.

 

Zer arte-proiektu duzu eskuartean gaur, Belakoz gain? 

Hori da makurrena, frantses klaseak, Belako eta aldi berean besterik egitea oso zaila da. Sorkuntzak ez du arian-arian funtzionatzen, ezin zaizkio egunean 40 minutu eskaini. Ez du horrela funtzionatzen, buruak haizea hartu behar du. Adibidez, iaz Madrilen tele-zaborrari zaletu nintzen ze masterra hain zen intelektualki sakona non etxera heltzean nire burua erabat hustuko zuen zer edo zer behar izaten bainuen. Aurten ez da horrela ere, baina unea topatzea kostatzen zait. Bilbora eta gurasoen etxera itzuli naiz, eta ziur nago konfort-gunera bueltatu izanak ez duela laguntzen. Nik uste dut Madrilera joatea lagungarria izan zela, nire testuingurutik ateratzeak nire ahalmen sortzailea ateratzen lagundu zidala. Nago hurrengo urtean berriz ere aterako dudala, Madrilen bizi nintzen bi lagunekin pisu batera noa Alde Zaharrean eta Madrilen geundela pena eman zidan elkarrekin banatzen genuen eremuaren inguruan lan egin ez izanak. Mami asko dago bertan, argitaratzeko beste agian ez, baina ez dut horren inguruan zer edo zer egitea baztertzen.

 

Zer asmo duzu? Liburu bat? Argazki-bilduma bat? Ohar sorta bat? 

Bitakora-kaierekin, egunkariekin, argazkiekin eta abarrekin lan egiten dut sarri. Teknikari dagokionez, diziplina-anitzekoa naiz.

 

Bukatzeko, galdera irekia: zelan ikusten du Cristina Lizarragak bere burua etorkizunean? 

Joan den astean amari esan nion Lycée Françaisean arte-plastiko klaseak gustura emango nituela! (barreak). Dena den, bihar taldea bukatuko balitz uste dut gaur egun egiten ez dudana egingo nukeela: munduan zehar mugitzea eta gustura nengokeen tokia bilatzea. Alemania? Batek jakin!

 

 

Argazkiak: Onetxu Alvarez Grijelmo