Bilbo, eskumako eta erabakitze eskubidearen aldeko hiria

Jon Garro, politologoa 2016ko ira. 26a, 13:26

Hauteskunde autonomikoak hiri baten izaera eta kultura politikoa ezagutzeko hauteskunde interesgarrienak dira. 

Gainontzeko hauteskundeetan beste nolabaiteko baldintzak edo aldagaiak tartekatzen dira: estataletan boto erabilgarrira jotzen dute askok, alderdi estatal bati botoa ematea euskal diputatu gutxi batzuk izango duten eragina baino "erabilgarriagoa" delakoan; udal-hauteskundeetan hautagaiaren izena eta eguneroko gestioa nagusitzen dira; eta europar hauteskundeetan abstentzioa oso altua izaten da eta mobilizatutako boto-emaileek hartzen dute parte bakarrik.

Aldiz, euskal parlamenturako hauteskundeetan, botoa askoz ideologikoagoa izaten da, euskal erkidegorako proiektu sozioekonomikoaz eta Estatu Espainiarrekiko harremanaz ari baikara. Eta hortaz, Bilboko izaera politikoa ezagutzeko ere hauteskunde aproposenak dira. 

Bilbo hiri plurala da, baina irabazle nagusi batekin. Gure hiriak EAJren bitxia izaten jarraitzen du. Nahiz eta alderdi indartsu bati lekua egin behar izan (Elkarrerin Podemos, EP), nahiz eta abstentzioa hazi, EAJ ez du bakarrik bere lehenengo postua mantendu, baizik eta lau urterekin konparatuta boto kopuruan ere hazi da, inolako gobernu desgasterik antzeman barik. EAEko hiri handienetan botoen 42,05% lortzea sekulako arrakasta da, horrek duen pisuagatik emaitza orokorretan. Ez hori bakarrik, behin PSE-EEren erreinu zen ezkerralderantz zabaltzeko tranpolina izan da Bilbo, bertan nagusitzera ailegatuz ere. EAJk Bilbon duen nagusitasunaren beste adierazpen bat bigarren indarrarekiko (EP) 27,8 puntu portzentualeko diferentzia izatea da.

Baina nola da posible eskumako eta abertzalea den alderdi bakar batek hiri handi eta plural baten botoen %42,05 lortzea? Argi dago Estatuko gainontzeko erregioen egoera ekonomikoarekiko konparaketak gestio oneko alderdi irudia lantzeko lagundu egiten diola, EAEko komunikabide enpresa handienen babesarekin batera. Hala ere, arrakasta honen klabea EAJren desideologizazioan dago. Ez genuke esango "Catch-all party" bat bilakatzera heldu denik, baina diskurtso nazional eta sozioekomiko malgu batekin, beti erdigunetik mugituz, oso ideologizatuta ez dagoen jendearentzat boto emateko alderdi “erraza” da.

EPrentzat emaitzak gazi-gozoak dira. Egia da bigarren postua ez dela batere txarra alderdi berria izanik (barnean ezagunak ditugun EQUO eta Ezker Anitza egon arren). Hala ere, ziurrenik esperotakoak baino emaitza baxuagoak izan dira. Bazekiten zaila zela estatu espainolean izandako arrakasta errepikatzea (Bilbon lehenengo indarra izateko 0,35 puntura geratu ziren), orduan bozka erabilgarriaren bultzada izan baitzuten, batez ere EH Bilduren boto emaileen aldetik. EPren dezepzioa ez da Bilbora mugatzen bakarrik.

Hirugarrenik PP izan dugu Bilbon, duela lau urteko postua mantenduz. Bilbo Getxorekin batera PPk Bizkaian duen babes gune nagusienetarikoa da. Hala ere, beherakada progresiboa izan du 2001ean lortutako maximotik aurrera, printzipioz bere hauteslegoarentzat erakargarria zen hautagaia izan arren, Alfonso Alonso ministroa. Jaitsiera honen arrazoia ez genuke bakarrik Estatu mailan duen desgastera mugatu behar. Ziurrenik, EAJren diskurtso nazionalaren malgutasunak “oso espainolistak” ez diren PPko boto emaileak erakarri izan ditu, Urkulluk landutako “gestio egonkorreko” gobernu irudiarekin batera.

EH Bildu laugarren izan da, 2012ko postua mantenduz ere. Bilbo ez da inoiz ezker subiranisten feudoa izan (hala ere ez dugu ahaztu behar 2015ko udal hauteskundetan bigarren indarra izan zela). Ez dira batere emaitza txarrak; izan ere, ezker eta erabakitzearen aldekoa den EP (hots, lehiakide zuzena) botoen 14,5% lortu arren, EH Bilduk 3 puntu portzentual baino gutxiago galdu baititu.

Atzoko galtzaile nagusia, ez Bilbon bakarrik baizik eta EAE osoan ere, PSE-EE izan da. Duela lau urte bigarren izatetik atzo bosgarren izatera pasa zen. Bilboko porrotari ezkerraldean ere izandako porrota batu behar zaio (eta Ermua, Irun, Eibar, Zumarraga....). Egun, agerian da noraezean dabilela. EAJri lau urte hauetan emandako babesa eta egonkortasuna ez dio inolako babes elektoralik eman; ez hori bakarrik, egonkortasun politiko horren sari osoa EAJk eraman du. Lehiakide indartsua ageri zaio ere ezkerretik, EP. Hala ere, zeozer txarto egingo zuen PSE-EEk 2009tik botoen ia bi heren galdu baditu EAEn, eta 20 puntu portzentual Bilbon.

Nabarmentzekoa da EP, PP, EH Bildu eta PSE-EE 2 puntu portzentualeko distantzia txikian mugitu direla.

Azter ditzagun ere, beste ikuspuntu batetik Bilboko emaitzak. Euskal politikako egungo "cleavage" nagusiak zentro-periferia (egun erabakitzeko eskubidearen ideiaren inguruan laburbilduta) eta ezkerra-eskuma ardatzak dira.

Antzematen denez, Bilbon erabakitze eskubidearen aldeko alderdiek distantziaz nagusitu arren, EAEn baino babes txikiago izan dute. Izan ere, EH Bilduk Bilbon EAEn baino 6 puntu gutxiago lortu ditu, eta PP eta PSE EAEn baino indartsuago ageri baitira. Era berean, Bilbok eskumarantz jotzen duen hiria da, behintzat, emaitza elektoralei dagokionez, batez ere EAJk erakutsi duen sendotasungatik.