Arkitektura eta hirigintza hiritarrei gerturatzeko eta azaltzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Bilboko I. Arkitektura Astearen baitan. Besteak beste, hitzaldiak, ibilbideak, tailerrak, bisitaldiak, zinema emanaldiak edota erakusketa bat.
'Bilbao Cara B' izeneko jarduera Arkitektura Astearen aurkezpen ekimena izango da, ostiralean, hilak 30. Bertan arduradunek aurkezpen labur bat egingo dute programa erakutsiz. Jarraian Manuel Delgado antropologo eta irakasleak hitzaldia eskainiko du eta azkenik mahai biribila izango da hiriko esparru ezberdinetako adituekin. Arantxa Rodriguez, Andeka Larrea, Javier Cenicacelaya, Maria Arana eta Fernando Bayonek parte hartuko dute, Luis Bilbao Larrondok zuzenduko duen saioan. Hiriek oro har eta Bilbok zehazki gaur egun dituzten erronkei buruz eztabaidatzea izango dute xede.