Indarkeria sexista

Gizon bat atxilotu dute Miribillan bere bikotekide ohiaren aurkako hainbat delitugatik

uriola.eus 2016ko ira. 27a, 12:56

Genero-indarkeria, epailearen aginduaren urraketa, egoitzaren bortxatzea eta legez kanpoko atxiloketa egotzi dizkio Ertzaintzak joan den igandean, hilak 25, Miribilla auzoan atxilotu zuen 25 urteko gizonari.

Segurtasun Saileko iturrien arabera, joan den igande gauean, 23:30ean, gertatu zen erasoa gizonezkoa bere bikotekide ohia bizi den etxera balkoitik sartu zenean ez hurbiltzeko epaileak ezarritako agindua apurtuz.

Abisua jaso ostean bertaratu ziren ertzainek ohe gainean topatu zuten emakumea, ustezko erasotzaileak indarrez eutsita, eta ahoa estalita.

Ertzaintzak genero-indarkeria, epailearen aginduaren urraketa, egoitzaren bortxatzea eta legez kanpoko atxiloketa delituak leporatu dizkio. 

 

* Tratu txarren inguruko informazioa jasotzeko telefonoak 900 840 111 (EAEn) eta 016 (Estatu osoan) dira. 365 egunetan 24 ordutan doako zerbitzua ematen dute eta ez dute arrastorik uzten fakturan.