Iragan bisualaren eta ahozko orainaldiaren arteko uztartzea

uriola.eus 2016ko ira. 28a, 12:23

Argazkiak: Bilboko Euskal Museoa

Estereoskopiak 16+16 izeneko erakusketak ohiko formatuekin hausten du, eta bi eduki batzearen emaitza da: batetik, ikusizko iragana dago, 3 dimentsioko betaurrekoen bidez ikus daitekeena; eta, bestetik, ahozko oraina, audiogidekin entzungo dena, pluralean eta femeninoan.

Erakusketa Bilboko Euskal Museoak zaintzen dituen irudien altxor txiki bat da: Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazki-artxiboa. Estereoskopiak 16+16 delakoa Museoak egile horri eskaintzen dion zazpigarren erakusketa da. 

Lehenengo batuketa formatu estereoskopikoan egindako Abaituaren iraganeko 16 irudi dira. Hemen erakusten direnak anaglifo kopiak dira, hain zuzen ere, erliebezko irudiak retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika; irudi tridimentsional gisa ikusteko, beharrezkoak dira bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak izatea, bata urdina eta bestea gorria. Anaglifo horiek izenburuko lehenengo 16 zenbakia hezurmamitzen dute; erakusketaren eduki bisualak dira, Eulalia Abaituari zor zaizkion iraganeko eszenak 3 dimentsiotan.

Bigarren batuketa erakusketako ahozko edukiari dagokio, eta irudiei hitzak jartzen saiatzen da. Mezu horiek euskarazko egungo zenbait idazlerenak dira: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia. Irudiei aurre egin behar izan diete, eta betaurrekoak jantzita, haiei begira, kontakizunak sortu dituzte. Erakusketan, ez dira irakurtzeko izango, baizik eta audiogiden bidez entzuteko. Egile horiek erakusketaren izenburuko bigarren 16 zenbakia zehazten dute, eta iraganari hitzak jartzen dizkioten egungo ahotsak dira.

Estereoskopiak 16+16 ibilbiderako, Euskal Museoak ezinbesteko bi tresna hauek emango dizkie bisitariei: betaurrekoak, ikusteko, eta entzungailuak, entzuteko. Erakusketak ez dauka ibilbide finkorik zehaztuta; hortaz, bakoitzak bere norabidea aukeratu ahal izango du.

"Iragan bisualaren eta ahozko orainaldiaren arteko uztartzean, magia sortzea" espero dute museoko arduradunek, "bisita ahaztezina" izan dadin. 

 

Estereoskopiak 16+16 erakusketa

Irailaren 28tik urtarrilaren 29ra

Euskal Museoa: Unamuno plaza 4

Astelehenetan: 10:00-19:00.

Asteazkenetik ostiralera: 10:00-19:00.

Larunbatetan: 10:00-13:30 eta 16:00-19:00.

Igandetan: 10:00-14:00.

Astearte eta jaiegunetan: itxita.