Gau-Txori zikloak zortzi kontzertu aurkeztuko ditu Bilboko lau hoteletan: Carlos Velasco Trio (irailaren 16a), Ruben Salvador (irailaren 30a), FMA Trio (urriaren 14a), Jose Luis Canal Trio (urriaren 28a), Victor de Diego Trio (azaroaren 4a), Geronimo Martín Sexteto (azaroaren 18a), Abraham de Roman Sexteto (abenduaren 2a), eta Collado-Garcia-Benito Trio (abenduaren 16a).
Ruben Salvador boskotea
Ruben Salvador (tronpeta); Julen Izarra (saxo tenorra); Satxa Soriazu (pianoa); Hilario Rodeiro (bateria); eta Javier Mayor (kontrabaxua) dira taldekideak. Bihar, irailak 30, NH Hesperia Bilbao hotelean, 20:30etatik 23:00etara kontzertua eskainiko dute.
Ruben Salvador Euskal Herriko eszenako musikaririk garrantzitsuenetako bat da eta bere ibilbidea gure mugetatik kanpo gauzatzen ari da; izan ere, estatuko tronpetistarik ospetsuenetako bat da. Goi-mailako titulua dauka tronpeta klasikoan eta jazzeko tronpetan eta Musikenen ikasi zuen Bob Sands, Iñaki Salvador eta Andreij Olejnizack irakasleekin.
Ruben Salvadorrek eta bere boskoteak R. S. Faktor proiektua aurkeztuko dute Jazz Bilbao Gau-txori zikloan. Proiektu horren barruan dago Starting, bere bigarren diskoa. Kritika ugari eta onak izan ditu eta BBK Jazz sarietako Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen.
Salvadorrek hezkuntza-lan garrantzitsua egiten du Donostia, Amurrio eta Zarautzeko musika‑eskoletan eta Miranda de Ebroko Musika Kontserbatorioan. Berrogei disko baino gehiago grabatu ditu eta oraintsu argitaratu du Akufeno, R.S. Faktor proiektuko bigarren diskoa.