'365 Jazz Bilbao' zikloko Matiné programako kontzertuak era askotakoak dira, bai formatuari, bai edukiari dagokienez. Jazzak erakartzeko gaitasuna eta balio didaktikoa du, eta estilo-aniztasuna eta fusionatzeko aukerak eskaintzen ditu. Horregatik da jazza musika-estilo oso egokia arte plastikoekin edo literaturarekin batera elkarlaneko programa bat sortzeko.
'365 Jazz Bilbao' zikloko 'Jazz Bilbao Matiné' programako kontzertuak lau izango dira; beti igandetan, 12:30ean. Igande honetan Ignasi Terraza Trioren txanda izango da, UPV-EHUren Bizkaia aretoan; Urriaren 30ean Igelaren Bandaren kontzertuaz gozatu ahalko dute ikusleek; Elkano Browning Cream, azaroaren 6an izango da; eta Itxaso Trio, azaroaren 27an, Guggenheim Bilbao museoan.
Ikuskizunetarako sarrerak 5 eurogatik eskuratu daitezke Bilbao Fundazioaren webgunearen bidez (www.bilbao700.eus) eta kontzertuari dagokion aretoan hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.
Imaginando a Miró Ignasi Terraza Trioren azken ikuskizuna da, non jazza eta pintura elkarri helduta doazen Joan Miró pintorearen koadroetan inspiratutako piezetan. Pieza horiek Ignasi Terrazak konposatu ditu; eta hirukoteak interpretatzen ditu. Ikuskizuna Washingtongo National Galleryn estreinatu zuten margolariari buruz Ameriketako Estatu Batuetako hiruburuan egin zuten erakusketa monografikoa zela-eta; eta harrera oso ona izan zuen ikuskizunak.
Ignasi Terraza Bartzelonan jaio zen 1962ko uztailaren 14an eta itsu geratu zen 9 urte zituela; handik gutxira pianoa deskubritu zuen. Inprobisatzeko erraztasuna zuenez, denbora gutxian jazzak erakarri zuen. Terraza da nazioartean oihartzun handiena duten jazz pianistetako bat. 2009an lehenengo saria irabazi zuen AEBko 'Jacksonville International Jazz Piano Competition' lehiaketan. 30 erreferentzia baino gehiago dituen diskografia du. Haren estiloa jazzaren tradiziotik abiatzen da, Oscar Peterson eta Ahmad Jamalen eraginak dituelarik, eta oinarria europar musika klasikoan du. Haren musikan indar erritmikoa eta adierazpen pertsonalaren sentsibilitatea dira nabarmentzen diren ezaugarriak.