Hiru faseak eginda, bilbotarren % 35en eskura jarriko da edukiontzi marroia; hau da, etxeetan gai organiko begetal kozinatu zein gordina bereizita bildu ahalko dute. Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean zabaltzen ari da bosgarren edukiontzia apurka-apurka Bilbon.
Hondakinak hobeto aprobetxatzea da gai organikoa bereizita hartzearen helburua, hain zuzen, ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako ona delako. Hondakin guztien % 40 gai organikoak dira. Hortik hondakin horiek behar bezala tratatzeak inguruarentzat duen garrantzia.
Edukiontzi marroian jatorri begetaleko (fruta, barazki, lekale, ortuari, landare, lore eta holakoen hondakinak) kozinatuak eta gordinak batu daitezke. Hondakin horiek bildu ondoren konposta egiteko instalazioetara eramaten dituzte. Konposta lurraren ongarria da eta, besteak beste, lorazaintzan, nekazaritzan eta obra zibilean erabiltzen dute.
Edukiontzi marroiek, besteek ez bezala, sarraila dute eta sarraila giltzaz zabaltzen da. Kalitateko konposta egiteko, edukiontziaren erabilera ekimenarekin konprometituta dauden pertsona ondo informatuek bermatzea da kontua.
Udalak, aurreko faseetan bezala, informazio-bilerak antolatu ditu auzoetan. Familiak materiala hartzen ari dira gai organikoak bereizita batu ahal izateko. Hain zuzen, 10 litroko zakarrontzi bat, alde guztietatik aireztapena duena, hatsa ekiditeko; edukiontzi marroia zabaltzeko giltza, konposta egiteko balio duten poltsak eta azalpenak batzen dituen foileto bat, zein hondakin bildu eta zein ez jakiteko.
Era berean, informazio-kanpaina egiten den bitartean, ingurumen-arloko hezitzaile bat bilerak egingo diren auzoko kaleetan eta plazetan herritarrei horren berri ematen die, bereizitako bilketa berri honekin bat egin dezaten. Triziklo batean doa eta kanpaina iragartzen duen kartela daroa, jendearen arreta erakartzeko.
Edukiontzietan aurrerago kendu ahalko diren eranskailuak jarri dituzte eta auzoetako etxeetako gutun-ontzietan 25.500 diptiko sartu dituzte informazioa emateko. Eraginpeko aldeetako eraikinetan eta espazio publikoetan informazioa emateko 100 kartel jarri dituzte.
Errefortzua
Urriaren 6an amaituko da kanpaina eta dagoeneko edukiontzia zabalduta dagoen aldeetan (1. eta 2. Barrutietan) errefortzu-ekintzak egingo dira. Foiletoak, informazio-txartelak, telefono-deiak eta informazio-saio bereziak erabiliko dituzte, besteak beste, herritarrei egiten duten lana eskertzeko eta gai organikoa bereizita hartzen ez dutenak egiten has daitezen animatzeko.
Udalak birziklatu daitezkeen zati guztiak bereizita biltzeak, Bizkaiko hondakinen plan integrala betetzeari begira, duen garrantzia gogorarazi nahi du. Hori Europa Batasunak emandako zuzentaruekin bat etorrita. Izan ere, hondakinen pizu guztiaren % 50 gutxienez bereizita bildu behar da, geroago berriro erabiltzeko edo birziklatzeko. Horiek horrela, herritar guztiak kontzientziatzea oso garrantzitsua da.