Martxan da ‘Gaztetalk Bilbao Europa’ hiriei, gazteei eta balioei buruzko mintegia

uriola.eus 2016ko urr. 3a, 10:00

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Nekane Alonso Kultur Politiken zinegotzi koordinatzaileak Gaztetalk Bilbao Europa mintegiaren beste edizio bat zabaldu dute. Mintegi horren izenburua 'Bihar-etziko hiri gazteak: balioetan oinarrituta eraikiz' da eta hirien eta balioen gaia landuko du gazteen ikuspegitik. 

Ildo horretatik, hauek izan dira Alkatearen hitzak: "Bilbo 'hiri gaztea' da eta hala jarraitu nahi du. Hiri gaztearen kontzeptua azpiegituretatik eta hiriak garapen urbanoan duen proiekziotik haratago doa. Hiri gaztea da bertako herritarrek, eta ez gazteek bakarrik, jarrera zehatz bat izateko gaitasuna dutenean. Argudioekin esan dezakegu Bilbo dinamikoa, sortzailea, jakingura, irekia eta dibertsoa dela, jasangarria, konektatua eta dibertigarria."

Jardunaldi hauek Udalak antolatu ditu eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera finantzatu dira. Bilborock Aretoan egiten dira gaur eta bihar, urriak 3 eta 4.

Udalaren ekimen honen helburua da gazteek eta Udaleko, Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta beste erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek gogoeta egitea eta ikaskuntzak, jardunbide egokiak, ezagutza metatua eta esperientziak partekatzea lau ardatz nagusiren inguruan: herritarren konpromisoa, ingurumenaren jasangarritasuna, dibertsitatea eta kultura, sorkuntza eta berrikuntza. "Gobernatzeko aukeratu dugun ereduak bi oinarri nagusi ditu: partaidetza eta gardentasuna. Horregatik, herritarrekin, gazteekin elkarrizketak izateko espazioak sustatu behar ditugu, gazteen eta beste erakunde pribatu eta publiko batzuen proposamenak entzun, ezagutu eta haiekin elkarlanean aritu ahal izateko. Ideia hori, elkarrizketak ahalbidetuko dituzten espazioak eraikitzearen ideia da Udalaren Gazte Talk programari zentzua ematen diona", esan du Juan Mari Aburtok.

Alkateak beste gauza bat azpimarratu du: "etorkizuneko Bilbo eraikitzeko ezinbestekoa da balio batzuk sendotzen hastea, herritarrekin daukagun konpromisoa, ingurumenaren jasangarritasuna, dibertsitatea, kultura, sorkuntza eta berrikuntza. Ez ditut ahazten tolerantzia, elkartasuna, kooperazioa, elkarbizitza, errespetua… Balio horiek guztiak beharrezkoak dira Gobernu Talde honek Bilborako daukan hiri-proiekturako." 

Gaztetalk Bilbao Europa

Gaztetalk Bilbao Europa izeneko mintegi-sortaren helburua da hausnarketarako, ezagutzarako eta partaidetza aktiborako espazioa sortzea, gazteek eta gazteen arloko politiken arduradunek erronkak identifikatzeko aukera izan dezaten eta, hartara, proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten elkarrekin. Honako honetan, hiri gazteak eraikitzeko behar diren balioak izango dituzte aztergai, hori guztia Europar Batasunaren Erasmus + Key Action 3 (KA3) programaren barruan eta Europar Batzordearen Elkarrizketa Egituratuaren Lehentasunekin bat etorrita. 

Testuinguru europarrean gauzatzen den ekimen honek hausnarketarako gonbidapena egiten du toki-mailatik lurraldez gaindiko mailara, Europar Batzordearen Elkarrizketa Egituratuaren bidez, Europar Estrategia 2020aren testuinguruaren barruan Europako lankidetzari buruzko etengabeko hausnarketaren forotzat jo daiteke. Europar Batasunak proposatutako hazkunde adimentsu, jasangarri eta integratzailearen marko erreferentea da, gazteen estrategietan zuzenean eragina duena.