Aurten ere, Udalak, Euskara eta Hezkuntza Sailaren bidez, eta HABEren, Bilboko euskaltegi homologatuen eta merkataritza-jarduera bultzatzeko Bilbao Denda Elkartearen laguntzarekin, Bilboko merkataritzan euskararen ezagupena eta erabilera sustatzen jarraitzeko apustua agin du, 2016-2017ko Biribilko ikastaroen bidez.
Aurreko edizioetan bezala, Biribilkoren eskaintzan euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroak eta hobetzekoak sartzen dira. Ikastaro bakoitza 90 ordukoa izango da. Ikastaro horietan izena emateko baldintza bakarra Bilboko merkataritzako lokal batean lan egitea da.
Izena emateko epea irailaren 12an hasi eta urriaren 13ra arte (eguena) egongo da zabalik. Inskripzioa zuzenean egin daiteke euskaltegietan edo Biribilko programaren web orrian (www.biribilko.com), Heziketa atalean dagoen inprimakia beteta. Web horretan hiztegiak, material didaktikoak eta Interneten bidez norbere kontura ikasteko hainbat baliabide aurki daitezke.
Ikastaro-mota bi
Biribilko programaren 2016-2017ko prestakuntza eskaintzaren barruan ikastaro-mota bi daude. Alde batetik, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten merkataritzako langileentzako euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa, eta, bestetik, euskara komertziala hobetzekoa, euskaraz pixka bat jakin eta maila hobetu nahi dutenentzat.
Taula honetan daude laburtuta ikastaro bien oinarrizko ezaugarriak:
2016-2017ko Bibibilko ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren diru-laguntza dute eta euskaltegi hauetan ematen dira:
• Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8 (Tf.: 94 4158292)
• Gabriel Aresti. Done Bikendi kalea 2, 4. (Tf.: 94 4237591)
• Indautxuko AEK. Urkixo zumarkalea, 88 – 1.A (Tf. 94 4413474)
• Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22 (Tf. 94 4221388)
• Lizardi AEK. Txakur kalea, 1- 1. (Tf.: 94 4168200)
• Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8 (Tf:. 94 4752233)
• Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21 (Tf.: 94 4117656)
• Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3- 1. (94 4162472)
Balantze ona
Urrian hain zuzen ere beteko ditu bederatzi urte Biribilko programak, nahiz eta Bilboko merkataritzarako aurreneko ikastaroak ez ziren antolatu 2009ra arte. Bitarte horretan Biribilkok 1.100 bat plaza eskaini ditu Bilboko merkataritzako langileek euskara ikasi eta euren maila hobetzeko.
Ildo horretan, aurreko edizioan Biribilko programako ikastaroetara joan ziren pertsonen balorazioak oso onak izan ziren. Izan ere, aurreko edizioan parte hartu zuten 180 pertsonen hiru laurdenek - % 75,2 hain zuzen- berriro matrikulatzeko asmoa adierazi dute. Horrez gain, 0 eta 10 arteko eskala batean batez besteko puntuazioa 8,63 izan zen.
Biribilko programaren eta ikastaro horien gaineko informazioa www.biribilko.com web orrian aurki daiteke. 'Hizkuntza Baliabideak' atalean dohainik sartu daiteke sareko itzultzaile automatikoetara, merkataritzako errotuluetara, hiztegietara eta euskarazko oinarrizko esamoldeetara, baita merkataritzan ohikoak diren dokumentuetara eta lan-euskarrietara ere.