Bilboko ikus-entzuleek bikote baten hausturaren kronika hori ikusi ahal izango dute Arriaga Antzokian gaur eta bihar, urriaren 5ean eta 6an, asteazkenean eta ostegunean (emanaldi biak 20:00etan izango dira). 2011n estreinatu zenean Avignongo Jaialdiko ikus-entzuleak arnasarik gabe utzi zituen antzezlana da. Izan ere, La clausura del amor lanean bikote batek oso elkarrizketa gogorra du, eta bertan, protagonistek, hiltzen ari den maitasunaren indarkeria adierazten duten bakarrizketak eskaintzen dizkiote elkarri. Beldurra eta askatasuna nahasten dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon eta emakume baten arteko borroka suntsitzailea eta errukirik gabea. Rambert berak zuzendu ditu lanaren emanaldiak hainbat herrialdetan, eta kasu guztietan, pertsonaiak antzeztuko dituztenak benetako bikoteak izatea eskatu du. Oraingo honetan Barbara Lennie eta Israel Elejalde dira.
La clausura del amor lanean garrantzitsuena hizkuntza da, abagune jakin batzuetan tortura fisikoa baino eragingarriagoa baita. Hitzez hitz, Barbara Lennie eta Israel Elejalde, elkarren aurka ari diren bi maitaleren azalean sartzen dira, duela zenbait urtetik eraiki eta deuseztatu dituen harreman bat behin betiko itxi nahian. Arrazoiak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatzen dira hizkuntza zehatz, kirurgiko, indartsuan, pasioz beteta adierazitakoan, eta erraietatik sortutakoan. Lan paregabea egiten duten antzezleez gozatzeko aukera izan genuen duela pare bat urte Misántropo lan bikainean edo, Elejalderen kasuan, duela denbora gutxiago, Hamlet lanaren protagonista gisa.
Emanaldiaren une batean, Jose Luis Ormazabalen esanetara arituko den Bilboko Koraleko Umeen Abesbatzaren partaidetza berezia izango du antzezlanak.
Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.