Estatu Espainiarreko eta Europako ekonomia erakunde nagusietako ordezkariak izan ziren Global Forum Spain bilkurako partaide. 2014ko martxoaren 3an, Guggenheim Museoan egin zuten bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilboko kaleetan "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".
Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten zenbait manifestarik, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak. Urko Martinez, egunean bertan baino, hilabetera atxilotu zuten, apirilaren 3an, bere etxean; kalez jantzitako 6 poliziek.
Bi urte eta erdi geroago epaituko dute Martinez; gaur hain zuzen ere. Desordena publikoak eragitea egotzita 2 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar dio eta 5.400 euroko isunari. Gainera, beste 30.000€ inguru ordaindu beharko ditu erantzukizun zibilagatik; hain zuzen ere, ustez, Renault enpresari eragindako kalteengatik 18.855€ ordaindu beharko ditu; Banco Santanderri 1.164€; Hotel NH Villa de Bilbaori 1.480€; eta beste hainbeste Arizona bingoari eta beste zenbait komertziori.
Iker Egiraunen absoluzioa
Martxoaren 31an, Iker Egiraun gaztea epaitu zuten istilu hauetan parte hartu izana egotzita. Egirauni ere bi urteko espetxe zigorra eskatzen zioten eta 120.000€-ko isuna. Apirilean absolbitu zuten gaztea; froga nahikoa ez zegoenez bertan behera geratu zen bere aurkako akusazioa.