Ibilgailu elektrikoentzat kargagune bat inauguratu dute Begoñan

uriola.eus 2016ko urr. 4a, 09:00

Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EVE), ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko Bilboko lehenengo gunea inauguratu dute Begoñan.

Erakunde biek batera, beste urrats bat eman dute hirian garraiobide jasangarriak sustatzeko. Orain ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko instalazio bat jarri dute.

Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasunaren Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzaileak eta Javier Marques Energiaren Euskal Erakundearen Sail Teknikoko zuzendariak instalazio berrian ibilgailu elektrikoek bateria ia 20 minutuan kargatu ahalko dutela azaldu dute. Begoñan, taxi-geralekuaren ondoan (Begoñako Andra Maria kalea, 47) inauguratu dute gaur goizean ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko Bilboko lehenengo gunea. Bigarrena da Bizkaian, aurretik Bilbao Exhibition Centerren (BEC), gasolindegiaren ondoan jarri baitzuten Bizkaian lehena izan zen honelako kargagunea.

Javier Marquesek azpimarratu du Euskal Herrian elektrizitatezko mugikortasuna sustatzeko azkar kargatzeko gune berri honen garrantzia. Energiaren Euskal Erakundeak urte asko eman ditu ibilgailu elektrikoei diru-laguntzak emateko programak burutzen, baita flotak dituztenen eta fabrikatzaileen arteko akordioak sustatzen ere. Horren emaitza dugu Bilbon ibilgailu elektrikoan azkar kargatzeko gunea. Egun, garraioa da bigarren energia-kontsumitzailerik handiena eta, hortaz, garraioaren energia-iturriak dibertsifikatzea da helburua. Izan ere, gaur egun, %95ean dago petrolioaren deribatuen mendean. 

Ildo horretatik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura berri horren inaugurazioarekin batera, Energiaren Euskal Erakundeak mugikortasun elektrikora erabiltzaile berriak erakartzeko zenbait pizgarriren sustapena jarri du abian. Horrela bada, adibidez, taxi elektrikoa duten taxistek egunero karga bat egin ahalko dute doan. Flotak dituztenentzat eta partikularrentzat ere abantailak ematea ere aurreikusita dago.

Inaugurazioan, Alfonso Gilek adierazi duenez, Begoñakoa bezalako kargaguneek berebiziko garrantzia dute Bilbon ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko; eta Udalak Bizkaiko hiriburuan horrelako azpiegitura gehiago jartzeko duen nahia azaldu du.

Bilbon dagoeneko ibilgailu elektrikoak kargatzeko 20 puntu publiko daude. Karga egiteko, gutxi gorabehera, sei ordu behar dira.

Ibilgailu elektriko batek bateriaren kargaz 200en bat kilometro egin ditzake; hau da, batez beste, egunero gidarien % 80k egiten duten baino ibilbide luzeagoa egin dezakete. 10 urte iragan baino lehen autonomia hori modu nabarian gaindituko omen da.

Gero eta gehiago dira flotak dituzten erabiltzaile publiko zein pribatuak, mugikortasun-beharra asetzeko ibilgailu elektrikoak erosten dituztenak. Partikularren artean ere gero eta gehiago dira honelako ibilgailuak erosten dituztenak.