Bularreko minbiziaren aurkako borrokak elkarturik

uriola.eus 2016ko urr. 14a, 10:11

Argazkia: Acambi

Urria bularreko minbiziaren inguruan sentsibilizazio kanpainak sustatzeko eta diru bilketa egiteko hilabetea izan ohi da Acambi elkartearentzat. Hori dela eta, aurten ere, hainbat jarduera antolatu ditu 'Urrian arrosa pentsa ezazu' lelopean. Besteak beste, Bularreko Minbiziaren aurkako III. Lasterketa solidarioa egingo dute igandean.

Iazko lasterketak izan zuen erantzuna "sinestezina" izan zen Acambi elkarteko kideen esanetan. Bilbon, itsasadarraren inguruan, 10.000 korrikalari, kamiseta arrosa soinean zutela, biltzea lortu zuten Bularreko Minbiziaren aurkako Lasterketa solidarioan. Horri esker, guztira, 50.000 euro bideratu zituzten Mari del Mar Vivanco -CIC BioGUne- doktoreak zuzentzen duen ikerlanari jarraipena emateko. 

Aurtengo hitzordua urriaren 16an izango da, igandean, Guggenheimeko zabalgunean. Hirugarren lasterketa "hobea" izango dela iragarri dute elkartekideek. "Jende gehiago" eta "diru gehiago" biltzea espero dute.

Izen-emateko epea zabalik dago Acambiren web gunean. Hori da aurtengo berrikuntzetako bat, Internet bidezko izen-ematea izango da bide bakarra "arrazoi praktikoengatik". Sei euroko balioa du. Partaideek sei euro ordaintzean kamiseta bana eskuratuko dute eta euro bateko dohaintza egingo diote Acambi elkarteari.

Korrika zein oinez egin daiteke bost kilometroko ibilbidea itsasadarrean zehar. Ostean, zumba saioa antolatu dute Guggenheimeko zabalgunera hurbiltzen diren guztientzat. 

Lasterketan parte hartu ezin duenak eta elkartea diruz babestu nahi duenak aukera du bere ekarpena egiteko. 

acambibizkaia.org

facebook.com/carreracontraelcancerdemamabilbao