Hamaika ikastetxek hartuko dute parte Hiri Antolaketarako plan orokorra berrikusteko Bilbao Aurrerago! prozesuan

uriola.eus 2016ko urr. 5a, 10:00

Bilboko hamaika ikastetxek bat egin dute Hiri Antolaketarako Plan Orokorra berrikusteko Bilbao Aurrerago! herritarrek parte hartzeko prozesuaren barruan dagoen hezkuntza ekintzarekin.

Hezkuntza ekintza hori irailean hasi zen eta urrian bukatuko da lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergo, lanbide heziketa eta heziketa bereziko ikastetxeetan. Hezkuntza ekintza azaroan osatuko da, unibertsitateetako ikasleek parte hartzen dutenean. Horretarako, gonbidapena bidali dute EHUra, Deustuko Unibertsitatera eta Mondragon Unibertsitatera. Era berean, Gazteria eta Kirol Sailak antolatutako Gazte Talk foroetan jardunaldi bat egingo da gazteek parte har dezaten. Horren helburua Bilbao Aurrerago! prozesuaren inguruko eztabaida izango da eta azaroan egingo dute.

 

Ekimen honen helburua da Hiri Antolaketarako Plan Orokor bat zer den eta zeintzuk diren bere alderdi orokorrak azaltzea, planeko proposamenei buruzko informazioa ematea eta uriko ume, nerabe eta gazteen ikuspegiak eta ekarpenak biltzea.

Ikastetxeetako partaidetza 2016ko udaberrian zabaldu zen, Hiri Plangintzarako Sailak eta Euskara eta Hezkuntza Sailak Bilboko ikastetxe publiko, itunpeko eta pribatuak gonbidatu zituztenean; horrela, askotariko laginak jaso nahi ziren. Orain arte, 11 ikastetxeko 752 ikaslek hartu dute parte; horietatik 5 publikoak dira, eta 6 itunpekoak edo pribatuak. Gaur egun, barruti guztiek daukate parte hartu duen ikastetxe bat, gutxienez.

Prestakuntza saioak eta parte hartzekoak AurreraGuneetan eta ikasgeletan

Jarduerak irailaren 14an hasi ziren eta hauek dira orain arte parte hartu duten ikastetxeak: Berriotxoa Ikastetxea (4. Barrutia), Aldamiz Ikastetxea (1. Barrutia), Emilio Campuzano LHII (5. Barrutia), Juan Manuel Sanchez Marcos HLHI (6. Barrutia), Artxandape Ikastola (2. Barrutia), San Pedro Apostol Ikastetxea (2. Barrutia), La Pureza de Maria Ikastetxea (6. Barrutia) eta Martin de Bertendona BHI (6. Barrutia). Urriaren 20ra arte, hauek jarraituko dute: Fray Juan de Zorroza HLHI (8. Barrutia), Jose Orbegozo HLHI (7. Barrutia) eta Ave Maria Ikastetxea (3. Barrutia). Parte hartuko duten ikasleei dagokienez, %38 ikastetxe publikoetakoak dira eta % 62 itunpeko ikastetxeetakoak edo zentro pribatuetakoak.

Ikastetxe bakoitzean egiten diren jarduerek saio bi dauzkate. Lehenengoa, ikastetxea dagoen barrutiko AurreraGunean egiten da. AurreraGuneak informazio-puntuak dira; barrutirako eta Bilborako dauden proposamenei buruzko material grafikoa eta ikus‑entzunezkoa daukate eta proposamenak zeintzuk diren jakin nahi dutenei, zein parte hartu nahi dutenei laguntzeko langileak egongo dira bertan. Prestakuntza ekintzan, herritarren partaidetzan eta hirigintzan adituak diren langileek hiri antolaketarako plan bat zer den, zertarako balio duen eta Bilbokoak zertan datzan azalduko diete umeei eta gaztetxoei. Bigarren saioan, prestakuntza taldea ikastetxera joango da planeko edukiei, gaiei eta proposamenei buruzko saio bat egiteko eta ikasleen ekarpenak jasotzeko. Jarduerak era askotakoak dira, eta parte hartzen duten ikasleen adinetara eta ikasketa-motetara egokituko dira.

Horrela, bada, hiru helburu lortu nahi dira: prestatzea, informazioa ematea eta hiriko ikuslerik gazteenekin hartu-emana izatea. Gainera, barruti bakoitzeko lantaldeetan zuzenean parte hartzeko aukera egongo da, bai eta Bilbao Aurrerago! webguneko foroetan ere. Horretarako, Bilbon egon behar da erroldatuta eta 16 urte beteta eduki behar dira.

Unibertsitateko ikasleek parte hartzeko programa generikoa eta espezifikoa

Prestakuntza ekimenaren barruan EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleekin parte hartzeko saio bat egongo da azaroan. Saioetako lehen zatian prestakuntza-informazioa emango da: plan orokorra zer den eta Bilbao Aurrerago! prozesuko edukiak zeintzuk diren ezagutarazteko. Lehen zati horren ondoren eztabaidatzeko dinamikak, talde-lana eta denen arteko azterketa izango da; azkenik, saioan parte hartu dutenen ekarpenak jasoko dira. Jardunaldiak formatu irekia izango dute interesa daukaten ikasle guztientzat; hala ere, beste formatu espezifiko bat izango da fakultatean edo ikasgaian, non erakusketaren eta eztabaidaren edukia ikasleentzako interes berezia izango duen.

Beste formatu batean, azaroan jardunaldi bat egingo da Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Gazte Talk foroan, Bilbao Aurrerago! prozesuko partaidetza eta komunikazioaren barruan talde espezifikoetara zuzendutako ekintzen multzoa osatuko duena.