Ikasturte hasieran jakinarazi zuten Bilboko ikasleek 24.535 eurorainoko isunak jaso zituztela. Mozal legea oinarri hartuta, martxoan San Mamesko Herri Unibertsitatean desalojaturiko 35 ikasleek jaso dute isuna. hain zuzen. Horri aurre egiteko 'Herri Unibertsitateari Mozalik ez!' dinamika jarri dute abian. Salatu dutenez, ikasle mugimenduak alternatiben eraikuntzan ematen duen urrats oro da erasotua, eta orain, gainera tresna berriekin: Mozal legearekin, hain zuzen.
Azaldu dutenez, gainera, errepresio hori ez zaio soilik ikasle mugimenduari ezartzen: "Mozal legea Euskal Herriko mugimendu osoari eragiten dion arazo larria da". Adibide gisa jarri dituzte gazte mugimenduko 34 kideri eta Kortxoenea gaztetxea defendatzen aritutako zazpiri jarritako zigorrak. Hala eta guztiz ere, alternatibak eraikitzen segitzeko deia egin dute Bilboko ikasleek: "Herri mugimendua isilduko duzuela uste duzuenoi, argi eta garbi adierazi nahi dizuegu: jai daukazue!".
Azaroaren 24an, protesta
EHUko errektoretzako hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 24an, eta egun hori baliatuz protestarako deia egin dute 'Herri Unibertsitateari Mozalik ez!' dinamikako kideek. "Ez gaurko errektoretzak, ez biharkoak ez diolako ikasleen eskariei erantzungo; arazoa ez delako errektore hau edo bestea. Arazoa unibertsitate hau edo bestea delako. Beraiek Mozalen Unibertsitatea! Guk Herri Unibertsitatea!".