Kantauritik Mediterraneora bidaiatzeko aukera eskainiko zaie ikusleei; handitasunaren, apaltasunaren, errealitatearen eta desiraren ikurra den itsasoan zehar egindako bidaia, hain zuzen ere.
Pianoan Albert Guinovart eta Bandako 45 musikari baino gehiago, Jose R. Pascual-Vilaplanaren (Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra) zuzendaritzapean aritukoi dira, errepertorio zabala eskainiz era guztietako entzuleei. Kontzertuak bi zati izango ditu.
Lehenengo zatia Jesus Guridiren 1912ko betiereko operaren Mirentxu preludioarekin hasiko da. Musikari gasteiztar honen maisutasun koloretsuak Mirentxuren eta Raimundoren arteko ezinezko maitasuna gogorarazten du. Bandarako moldaketak Juan E. Canet Alacanteko Goi-mailako Kontserbatorioko konposizioko irakaslearenak izango dira. Ondoren, piano bakarlariaren eta haize eta perkusio-orkestraren arteko soinu-ebokazioa hasiko da. Albert Guinovart musikagile eta piano-jotzaile katalan ospetsua bakarlaria Les Mans del Vent bere kontzertu preziosisitarekin helduko da, 2010ean idatzia eta Abili Fort Bartzelonako Udalaren Bandako gerentea izan zenari eskainia.
Kontzertuaren bigarren zatian Mediterraneotik Kantaurira bidatuko dute ikusleek Jose Mª Usandizaga donostiarraren Bidasoa bandarako konposizio originalarekin. 1907an Elgoibarko Konposizio Lehiaketan partitura saritua izan zen. Kontzertuari bukaera emateko Miguel Asins Arboren Mare Nostrum interpretatuko da. Musikagile katalan honek 1978an poema sinfoniko ezin ederragoa idatzi zuen, baliabide deskribatzailez bezainbeste musika intzidentalez betea, Alacanteko Diputazioko Instituto de Estudios Alicantinoseko konposizio-saria irabazi zuen obrak.
Sarrerek prezio herrikoia izango dute, 2 eurokoa. Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.
Albert Guinovart pianoan
Bartzelonako Udalaren Goi-mailako Musika Kontserbatorioan musika ikasi ondoren Londresera joan zen Maria Curcio piano-jotzaile eta pedagogoarekin ikasteko. Bere jarduera musikalak zenbait arlo barne hartzen ditu: konposizioa, orkestrazioa, irakaskuntza eta piano-interpretazioa. Piano-jotzaile moduan Espainian, Australian, Alemanian, Frantzian, Finlandian, Israelen eta Hungarian aritu da Lawrence Foster, Franz Paul Decker, Edmon Colomer, James Laughram, Josep Pons edo Salvador Mas zuzendariekin, besteak beste. Victoria de los Angeles, Julia Migenes, Juan Diego Florez edo Nacho Duato bezalako artistekin kolaboratu du. Harmonia Mundi, EMI edo DECCA disko-etxeetarako grabatu du. Bere azken grabazioa Sony Internationalerako izan da eta bere 'Valses poeticos' ospetsuaz gain, pianorako eta orkestrarako bere lehen bi kontzertuak daude bertan, San Petersburgoko The State Academy Symphonic Orchestrarekin egindakoa, Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean. Musikagile moduan egindako obren zerrendan operak (Atzar, Alba Eterna, Terra Baixa), musika sinfonikoa edo ganbera-musika sartzen dira. Bere lanen zuzendari izan dira Phillipe Entremont, Gianandrea Noseda, Franz Paul Decker edo Vasily Petrenko; eta bere moldaketenak, berriz, Plácido Domingo edo Gustavo Dudamel. Bere musikalak ere ezagunak dira (Mar i Cel, Flor de Nit, Gaudí, Paradís…), baita zinemarako bere musika (El largo invierno) edo antzerkirako eta telebistarako bere musika ere. 2002az geroztik, orkestrazio eta konposizioko irakaslea da ESMUCen (Escola Superior de Música de Catalunya). 2014ko Premi Ciutat de Barcelona jaso zuen eta horretatik aurrera Reial Acadèmia Catalana de Belles Arts de Sant Jordiko akademikoa da.
Jose Rafael Pascual-Vilaplana zuzendaria
1971n Muron (Alacant) jaioa, Jose Rafael Pascual-Vilaplana, ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da. 2015eko urtarrilaz geroztik, Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari titularra eta artistikoa da. Batuta del Mtro. Tomas Boufartigue saria eman zioten (Habana, 1991). Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen Ignacio Morales Nieva Musikako Sari Nazionala jaso zuen.
Albaceteko Orkestra Sinfonikoaren ohiko zuzendaria da 2001az geroztik, eta Murtziako UCAMeko Orkestra Sinfonikoaren eta Oportoko (Portugal) Banda Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia. Horrez gain, Orquestra de Vents 'Filharmonia' taldea zuzendu eta Bandako Zuzendaritza irakasten du Vall d’Albaida Eskualdeko Musika Eskolan. 2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) deritzon erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle gonbidatu lanean dihardu Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean. Alemania, Argentina, Belgika, Kolonbia, Kuba, Eslovenia, Holanda, Ingalaterra, Italia, Portugal, Errumania eta Suitzako hainbat talde sinfonikoren zuzendari gonbidatua izan da. Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu, baita Balansiyyà. Bandarako musika biltzen duten 20 CD grabatuak ditu Audiart, RTVE, FLOC, TABALET eta DE HASKE zigiluekin.