Adonis poeta eta saiakeragile siriarrak zabalduko du gaur Bilbaopoesia literatur jardunaldia

uriola.eus 2016ko urr. 13a, 09:18

byricardomarcenaroi.blogspot.com

Bidebarrieta Kulturguneak, Bilbok urtero poesiarekin duen topaketa handia ospatuko du gaurtik aurrera, bederatzi egunez. Programazioak musika, errezitaldiak eta egile garrantzitsuekin topaketak jasotzen ditu. 'Poesia Babesleku' izenburupean, Bilbaopoesiak hogei egile inguru elkartuko ditu, horien artean Jaime Siles edo Eloy Sanchez Rosillo, eta urriaren 21ean amaituko da, Wislawa Szynborska poeta poloniarrari eskainiko zaion azken ikuskizunarekin, Amaia Lizarralde, Helena Golab eta Ana Pimenta antzezleen eskutik. 

Bilbaopoesia literatur jaialdiaren jarduerak gaur, osteguna, hasiko dira, mundu osoan ezaguna den Adonis poeta eta saiakeragile siriarraren poesia emanaldiarekin. Duela zenbait urtetik, Literatura Nobel Saria lortzeko hautagaien artean dago. Adonis poesia errezitaldiaren eta topaketaren protagonista izango da –arratsaldeko 19:30etik aurrera–, eta topaketa horretan, eta poetak, Adonisen herrixka berean jaio zen eta umetatik, eskola garaitik, egilearen adiskide pertsonala den Mouin Saleh Hakim pediatra bilbotarrarekin egingo du berba jende aurrean.

Arabieraz idazten duen poeta garrantzitsuena den Adonisen literatur ibilbidea Libanon eta Frantzian gauzatu da batez ere, eta bertan hogei poesia liburu baino gehiago argitaratu ditu arabieraz. Hori dela eta, Literatura Nobel Saria lortzeko hautagai nagusietakotzat hartzen da. Frantsesez –bat-bateko itzulpenarekin– izango den topaketa, Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzari esker antolatu ahal izan da. Bilbaopoesia irekiko duen ekitaldirako sarrerek 2 euro balio dute, eta salgai daude dagoeneko Bidebarrietako Liburutegian.

Egungo poeta arabiar handiena eta mundu osoko idazle garrantzitsuenetakoa izateaz gain, nazionalismo arabiar laikoaren eta islamismoaren aurkakoaren ahots esanguratsuena ere bada. Violencia e Islam izeneko bere azken liburuan, Adonis erlijio islamikoaren kontra agertzen da –kultura arabiarretik bereizten du–, bere berezko indarkeriaren kontra, gizarte arabiarrean, dogmatismoak eta izpiritu tribalak guztiz irentsita dagoen gizartean, sartu duen analfabetismoaren, misoginiaren, ezjakintasunaren eta iluntasunaren kontra. Bere esanetan, aurretik eta ondoren duen guztiaren kontra borrokatzen den Islama, bere burua bakartzat eta egiazkotzat hartzen duen eta bere jarraitzaileei jendea eta lurraldeak menderatzea agintzen dien botere erlijioa da.

Ali Ahmad Said Esber (Siria, 1930), mundu osoan Adonis ezizenez ezaguna, Filosofian lizentziatu zen Damaskoko Unibertsitatean. 1960ean eta 1961ean Parisen ikasteko beka jaso zuen. Ondoren, 1970 eta 1985 artean literatura arabiarreko katedradun izan zen Libanoko Unibertsitatean. 1976an Damaskoko Unibertsitateko irakasle gonbidatu izendatu zuten. 1980an Parisera emigratu zuen, Libanoko Gerra Zibiletik ihesi, eta urte luzez irakasle izan zen Sorbonnen eta Frantziako Ikastetxean.

Gabriel Arestiren Eguna

Luxuzko hasiera horren ostean, Bilbaopoesiaren programazioa gure egile garrantzitsuenetako bati eskainiko zaio urriaren 14an, Gabriel Arestiri, 1933an Bilbon jaio zen egunarekin bat etorriz. Hori dela eta, Jon Kortazar UPV-EHUko katedradun eta Arestiren lanean adituak, bere poema batzuk aztertu eta Gabriel Arestik Euskaltzaindiarekin izan zuen harremana erakusten duten zenbait gutunen berri emango du. Arestiren poemei Arkaitz Estiballes bertsolariak jarriko die ahotsa. Egun horretan bertan, eguerdiko 13:00etan, Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti Ipuin lehiaketaren XXXII. edizioaren sariak banatuko dira Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean.

Urriaren 15ean, jaialdiak, Zurgai aldizkariaren orrialdeetatik literaturaren, eta batez ere poesiaren, sustapenean lan gehien egin duen pertsonetako bati utzi gura izan dio lekua. 'Poemas para Pablo' ekimenak omenaldi bero eta xumea eskaini gura dio duela denbora gutxi hil den Pablo Gonzalez de Langarika aldizkariaren azken zuzendariari. Ekimenean hogei adiskide eta poeta inguruk hartuko dute parte, horien artean Blanca Sarasua, Miren Agur Meabe, Juanra Madariaga edo Jose Fernandez de la Sota.

Larunbatean jarduera bat programatu da Hika Ateneoan, gaueko 21:00etan, kritika espezializatuaren iritziz gaur egungo Argentinako hip – hop artista hoberena den Sara Hebe raperoarekin. Estilo errebeldea eta letra apurtzaileak dituen artistak, mugitzera gonbidatzen duten erritmo indartsuko baseak erabiltzen ditu. Kontzertu hau ere dohainik izango da, leku guztiak bete arte.

Programazioak astelehenean, urriaren 17an, jarraituko du, proiekzio markatua duten hiru poetarekin. 'Derecho a refugio' errezitaldiaren protagonistak Miren Agur Meabe lekeitiarra eta Josefa Parra eta Aurora Luque andaluziarrak izango dira, Itaca hirukoteak (harpa, txeloa eta biolina) lagunduta. Hurrengo egunean, poesia, musika eta arte plastikoak bilduko dituen errezitaldi berezia programatuko da. Laranja bat zaborretan eleberriarekin batera sortu den 'Laranja bat zaborretan' Bidaia literario eta kritiko bat errezitaldian, Patxi Zubizarreta egilea, izpiritu kritiko eta sentsualetik, ahaztutako poemak eta zaborretara bota ditugun istorioak biltzeaz arduratu da. Pello Ramirezek bere musikaren hegoak eman dizkio eta, amaitzeko, proposamena Mintxo Cemillanen formen eta koloreen bitartez irudikatuko da

Poesia gehiago

Bilbaopoesoaren edizio honetan gehien itxaroten den topaketetako bat asteazkenean, urriaren 19an, izango da. Liburutegiko ekitaldi aretoak Jaime Siles, Eloy Sanchez Rosillo eta Eduardo Moga poeten arteko topaketa jasoko du arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Aurten ospatzen den Blas de Otero poetaren mendeurrenarekin eta, horregatik, Museo-Etxeen eta Idazleen Fundazioen Elkartearen urteroko bilera Bilbon egingo dela eta, urriaren 20an Bilbaopoesiaren poesia topaketa Oteroren 'Redoble de conciencia' liburuaren ingurukoa izango da. Fanny Rubio idazleak, Ramon Andres saiakeragilearekin, Adolfo Celdran kantautorearekin eta Jose Fernandez de la Sotarekin –Oteroren lana ondoen ezagutzen duen idazleetakoa– batera, Blas de Oteroren lanetik ibilbidea egingo du, eta poesia, egilearentzat, babesleku pertsonala eta borrokarako eta gizarte kritikarako arma izan zela erakutsiko du.

Bilbaopoesiaren aurtengo edizioa urriaren 21ean itxiko da, Wislawa Szynborska poeta poloniarrari eskainitako irakurketa antzeztuarekin, Amaia Lizarralde, Helena Golab eta Ana Pimenta antzezleen eskutik, Iñaki Salvadorrek pianoan lagunduta.

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren ospakizuna dela eta, eta Poloniako Wroclaw hiria ere Europako kultur hiriburu aukeratua izan zela baliatuz, ikuskizunaren sustatzaileek Szynborskaren poemetan oinarritutako dramaturgia batean aritu dira lanean, egile poloniarrak pertsona eta poeta gisa duen kategoria miresten dutelako. Horrela, dramaturgia lan zorrotza egin zen, poemak aukeratzeko, antzerkiko piezari izenburua ematen dion Saltare sobre el fuego lanean oinarrituz Koldo Mitxelena kultur-etxean egin zen edizioan abiatuz. Zatiak gaztelaniaz, euskaraz eta polonieraz dituen lana Donostian aurkeztu zen, eta orain Bilbora helduko da, Bilbaopoesiaren edizio honi amaiera bikaina emateko.