Bi bilbotar epaitu dituzte Troikaren aurkako istiluetan parte hartzeagatik

uriola.eus 2016ko urr. 6a, 16:47

Argazkia: Bilboko Ernai

2014ko martxoaren 3an Global Forum Spain bilkuraren kontrako istiluetan parte hartzea egotzita epaitu dituzte gaur, urriak 6, Urko Martinez eta Markel Castaño Otxarkoagako eta Deustuko gazteak. Martinezek URIOLAri esandakoaren arabera, "pozik" atera dira epaiketatik haien kontrako "froga argirik" ez dutelako aurkeztu. Sententziaren zain geratu dira biak.

Eguerdian, URIOLAk Urko Martinezekin hitz egiteko aukera izan du eta gazteak aurreratu duenez, "pozik" atera da epaiketatik akusazioak ez dutelako haien aurkako froga "argirik". "%100ean" ezin dutela erruduntzat jo azaldu du Martinezek. Beraz, "absolbitua izatea" espero du. Guztira, Fikaltzak eskatuta, 10 ertzainek eta 3 lekukok deklaratu dute gaurko saioan eta beste lekuko batek Martinezek eskatuta.

 

2014ko martxoaren 3a eta ondorena

Estatu Espainiarreko eta Europako ekonomia erakunde nagusietako ordezkariak izan ziren Global Forum Spain bilkurako partaide. 2014ko martxoaren 3an, Guggenheim Museoan egin zuten bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilboko kaleetan "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten zenbait manifestarik, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak. Urko Martinez, egunean bertan baino, hilabetera atxilotu zuten, apirilaren 3an, bere etxean; kalez jantzitako 6 poliziek.

Bi urte eta erdi geroago epaitu dute Martinez Castañosekin batera; gaur hain zuzen ere. Desordena publikoak eragitea egotzita 2 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin behar dio eta 5.400 euroko isunari. Gainera, beste 30.000€ inguru ordaindu beharko ditu erantzukizun zibilagatik; hain zuzen ere, ustez, Renault enpresari eragindako kalteengatik 18.855€ ordaindu beharko ditu; Banco Santanderri 1.164€; Hotel NH Villa de Bilbaori 1.480€; eta beste hainbeste Arizona bingoari eta beste zenbait komertziori. Castañosi ere zigor eskaera eta isuna eskatu diote. Epaiketa baino lehen, 10:30ak aldera, elkarretaratzea egon da Buenos Airesen, epaitegi aurrean, bi gazteei babesa agertu eta epaiketa bera salatzeko.

 

Iker Egiraunen absoluzioa

Martxoaren 31n, Iker Egiraun gaztea epaitu zuten istilu hauetan parte hartu izana egotzita. Egirauni ere bi urteko espetxe zigorra eskatzen zioten eta 120.000 euroko isuna. Apirilean absolbitu zuten gaztea; froga nahikoa ez zegoenez bertan behera geratu zen bere aurkako akusazioa.