Jardunaldiotan, hainbat gai aztertuko dira, hala nola, brexita, nazioarteko terrorismoa, immigrazioa, errefuxiatuen krisia, zahartzea, klima-aldaketa eta muturreko eskuinaren goraldia, beste hainbat erronka handiren artean.
Foro horrek lehenengo aldiz emango du aukera biztanle aktiboek parte har dezaten; izan ere, beste formatu bat izango du, bertaratutako ikusleen zein hizlarien arteko elkarrizketa eta komunikazio arina, zuzena nahiz jarraitua izango baititu oinarri. Sarrera doakoa izango da lekuak bete arte; horrek oraingo honetan gizartea jardunaldien benetako protagonista izatea egingo du. Era horretan, pertsonak eta haien nahiak erreferente nagusi dituen europar batasuneko proiektu baten nortasunaren ezaugarriak berreskuratuko dira. Demokrazia-, askatasun-, berdintasun- eta ongizate-maila handiagoak lortzearen aldeko apustua sendotzean datza, betiere orain zalantzan jartzen den eredua berriz pentsatuz, nortasun europarra sortzeko prozesuaren hastapenetan egon ziren konfiantza eta ilusioa irabazteko.
Jardunaldi horiei esker, Bilbo azterketaren eta hausnarketaren Europako hiriburu bilakatuko da. 'The Challenges of the European Integration' (Europako integrazioaren erronkak) izenburupean egingo diren eztabaidek Kontinente Zaharreko herrialdeen teilakatzerik handiena lortzeko helburua izango duten proposamenak eta estrategiak ezartzeko balioko dute.
Nazioarteko biltzar horren III. edizioa Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak (pentsamendu politikoaren arloan ospea daukan erakundeak) antolatu du, eta honako hauek aritu dira elkarlanean: Bilboko Udala, EHU (EHUgune) Euskal Herriko Unibertsitatea eta Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua; halaber, Laboral Kutxak lagundu du.
Euskal Herriko eta Eskoziako kasuak, lehen jardunaldian aztergai
Gaur, hilak 10, Nicola McEwen eta Joxerramon Bengoetxea protagonista dituen Europako aniztasunari buruzko eztabaidak emango dio hasiera ekitaldiari, 19:00etatik aurrera. Nicola McEwen Eskoziako egoera politikoan ezaguna da; era berean, Centre on Constitutional Change zentroko zuzendari elkartua da, Erresuma Batuko konstituzio-aldaketak aztertzeko 2013an sortu zen erakundearena, hain zuzen. Bestalde, Joxerramon Bengoetxea zuzenbidean doktorea da, baita Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbidearen Soziologia Masterraren arduraduna ere. EHUrekin batera antolatutako lehen jardunaldiaren gai nagusia honako hau izango da: 'Askotariko Europa: nazio-aniztasuna eta integrazio politikoa brexit-aren ondoren - Euskal eta eskoziar ikuspuntuak'.
Europa sozialaren gaiak urriaren 25ean egingo den jardunaldia bideratuko du; bertan, Miguel Poiares Madurok (Europako Unibertsitate Institutuko irakasleak eta Portugalgo Eskualde Garapenaren ministro ohiak) eta Giorgos Papaconstantinouk (ekonomian doktoreak eta Greziako Ingurumen, Energia eta Aldaketa Klimatikoaren ministro ohiak) haien ekarpenak emango dituzte jakitera. Aditu biek austeritate-garaiaren osteko ekonomiari eta desberdintasunei aurre egiteko moduari buruzko ideia eta ekimen zehatzak jorratuko dituzte.
Javier Solana eta Daniel Innerarityren arteko eztabaida
Bilbao European Encounters biltzarraren III. edizioaren pizgarrietako bat Javier Solanaren eta Daniel Innerarityren partaidetza izango da. Azaroaren 8an, egun nazioarteko aholkulari eta politikari ohia denak eztabaida-mahaia partekatuko du Daniel Innerarityrekin, Filosofia Politikoan eta Sozialean katedraduna, Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria eta EHUko Ikerbasque-en ikertzailea denarekin, hain zuzen. Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburuarekin batera antolatutako jardunaldian hartuko dute parte eta euren hausnarketa-gaia 'Europa kosmopolita: erronka komunak demokratizatuz' izango da.
Javier Solana nazioarteko politikaren arloan azken hogei urteetan izan diren pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat da eta, besteak beste, honako karguak izan ditu: NATOko idazkari nagusia eta Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria. 2010. urtean, funtzio publikoa utzi zuen nazioarteko aholkularitzan eta irakaskuntzan aritzeko. Gaur egun, ESADE Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako Goi Eskolako Enpresako Ekonomia Globalerako eta Geopolitikarako Zentroaren presidentea, Elkarrizketa Humanitarioaren Zentroaren (Ginebran) ohorezko presidentea, Bartzelonako Osasun Orokorraren Institutuko patronatuaren presidenteordea, eta The London School of Economics and Political Science-en irakaslea da. Mundu osoan antolatzen diren hausnarketa politikoari buruzko biltzarretan gehien eskatzen diren hizlarietako bat da.
Daniel Innerarity jakintza-gizarteen eraldaketa kultural eta politikoen arloan aditu aitortua da nazioarte-mailan, baita gobernu-, demokrazia- eta globalizazio-sistemen berrikuntzan ere. Hainbat obra argitaratu ditu, besteak beste, La transformacion de la politica (Miguel de Unamuno Saiakera Saria eta Literatura Sari Nazionala, saiakera kategorian, 2003. urtean), La sociedad invisible (Espasa saria, 2004), El nuevo espacio publico eta El futuro y sus enemigos. Liburu guztiak hizkuntza askotara itzuli dira.
Krisia eta Europako ikuspuntu berria, aurreko edizioetako ardatzak
Bilbao European Encounters biltzarreko lehenengo edizioa 2013. urteko irailean egin zen 'Europa euroaren krisiaren ondoren: legitimitatea, demokrazia eta justizia' izenburupean. Esparru akademikoan zein politikoan ospetsuak diren pertsonak bi egunez egon ziren eztabaidatzen 2008an hasi zen krisi finantzario eta fiskalaren gainean Europar Batasunak emandako erantzunei buruz. Josep Borrel ministro ohiak, Bremengo Unibertsitatean ikertzaile den Ulrike Liebertek eta Sussexeko Unibertsitatean irakasle den Gerard Delantyk osatutako hizlari-taldea krisiaren ondorioz sortutako arazo batzuei buruz aritu zen, hala nola Euroaren desintegrazioarekiko beldurraz.
Ekonomia-, politika-, gizarte- eta ingurumen-batasunaren krisia (horri terrorismoaren mehatxua gehitzen zaio) 2015eko azaroan eta abenduan 'Europa berriarentzat narratiba berri baterako bidea irekitzen' izenburupean egin zen bigarren edizioaren ardatz nagusia izan zen. Ekitaldian politologoak, juristak, filosofoak, ekonomialariak, artistak eta zientzialariak bildu ziren nazioarteko testuinguru berrian Europa ulertu eta gobernatzeko beste era bat definitze aldera. Beste analista batzuen artean, nabarmentzekoa izan zen Jonathan White (nazioarte-mailan soziologia politikoan aditua eta Tor Vergata Erromako Unibertsitatean filosofia politikoko irakaslea) eta Jose Luis de la Granja (Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna) bertan izan zirela.