Gazteguneek gaur irekiko dituzte ateak

uriola.eus 2016ko urr. 13a, 08:00

Aurten ere Gaztegune gazteentzako aisialdi- eta hezkuntza-programa abian jarri du Udalak, 12-17 urte dituzten gazteei zuzenduta (1999-2004 jaiotakoak). Gaur arratsaldean, urriak 13, honako barrutietan ateak irekiko dituzte: Deustun, Castañosen, Otxarkoagan, Begoñan, Iralan eta Zorrotzan. Ikasturte honetan, berriro ere asteartetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara zerbitzu hau emango da, eta larunbatetan, aldiz, 17:00etatik 20:30era. 

Gazteguneak gazteak klasetik kanpo elkartzeko gune soziohezitzaileak dira eta aisialdirako eta sormena garatzeko jarduera ugari eskaintzen dituzte. Ondo pasatzen eta jolasten duten bitartean, honako balioak indartzen dituzte: genero-indarkeriaren aurkako kontzientziazioa, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea edo aniztasunean bizitzea. Era berean, ikasturtean zehar, Gaztegune bakoitzak dagokion barrutiari zuzendutako ekimenak lantzen ditu, inguruneko dinamizatzaile gisa aritzeko asmoz.

Gazteria eta Kirol Saileko programa honek parte hartzen duten gazteen iritzia ere kontuan izaten du, gazteek euren interesekoak diren jarduerak proposatzen dituzte, esperientziak partekatuz eta programazioaz gozatuz.

Gaztegune guztiak arlo soziohezitzailean espezializatutako gazteek dinamizatzen dituzte. Gazteen ekimenak biltzen eta laguntzeaz gain, aldian-aldian sare sozialen eta bestelako bideen bidez programazioaren berri ematen dute.

6 Gaztegune Bilbon

Sei Udal Gaztegune daude Bilbon osoan barreiatuta: 

- Deustukoa Udaltegian (Agirre Lehendakaria, 42) 

- Begoñakoa Udaltegian (Club Deportivoren Zirko Amateurraren kalea, 2) 

- Zorrotzakoa (Fray Juan kalea, 33) 

- Otxarkoagakoa Udaltegian (Pau Casals kalea, 19) 

- Uribarrikoa, Moraza plazako 4-A helbidean 

- Iralakoa Udaltegian (Jaro de Arana plaza) 

Udaltegi hauetan gazteek ondo pasatzeko aukera ugari dituzte: liburuak, filmak, hitz egiteko espazio erosoak, bideojokoak, mahai-jokoak, futbolina, billarra, ping-pong mahaia, arte plastikoetako eta artisautzako materiala, karaokea, sukaldea eta Internetera sartzeko aukera eskaintzen duten ordenagailuak.

2015-2016 ikasturtea

2015-16 ikasturtean, sei Udal Gazteguneetan 500 jarduera baino gehiago burutu ziren eta, batez ere, 3 arlotan eragina izan zuten:

Sormena: gazteen alderdi sortzailea sustatzeko ekimenak. Horretarako, tailer artistikoak, dantza, musika, esku-lanak, birtzikiklajea… egin dira.

- Autonomia: egunerokoan trebeziak garatzeko tailerrak, esate baterako, sukaldea, zainketa pertsonalak, osasuna…

- Aisia: taldea eta lagunarteko harremanak sendotzeko asmoz egindako jarduerak. Horretarako, jaiak, txapelketak, irteerak egiten dira… 

Gazteguneetako jardueretan, guztira, 17.332 gaztek parte hartu zuten; horietako %63a mutilak izan ziren eta %37a neskak. Gazteen %31, 15 eta 17 urte bitartekoak izan ziren eta %69 ordea, 12 eta 14 urte bitartekoak.

Udalak nabarmendu duenez, ez da aurretiazko inskripziorik egin ezta inolako kuotarik ordaindu behar; interesa duten gazteek zuzenean jo behar dute Gazteguneetara.