Bilbok Europako Batzordearen 4.600.000 euro jasoko ditu tokiko enpresen lehiakortasuna sustatzeko

uriola.eus 2016ko urr. 13a, 13:44

Europako Batzordeak Bilbo jo du begiz; horrenbestez, hiriak balio eta etorkizuneko sektoreetan ekintzailetzaren zein enpresa-sustapenaren alde egindako apustuari abala eman dio bere babesarekin; horrela, eragin zuzena izan du ekonomia garatzen eta aberastasuna nahiz enplegu kualifikatua sortuz.

As Fabrik deritzon Bilboko Udalak zuzendutako proiektuak enpresa, unibertsitate, kluster eta zentro teknologikoen laguntza izan du; eta Europako Batzordeak 4,6 milioi euroko zuzkidurarekin aintzatetsi du; zenbateko hori aurreikusitako inbertsio osoaren (5.800.000 euro) % 80 da.

Ekimen hau beste 378 proposamenekin lehiatu da (horietatik hogei hautatu dira bakarrik), eta Udalak jarduera-esparru estrategiko berriak bultzatzeari buruz hartutako erronkari erantzun dio; hori guztia tokiko enpresak 4.0 industria-sektorean aplikatutako ezagutzari buruzko zerbitzu trinkoen esparruan haztea sustatzeko.

Bilboko alkatea den Juan Mari Aburtok Europako Batzordeak As Fabrik proiektua babestea "berri ontzat" hartu du; izan ere, bere hitzetan, erabaki horrekin Erkidegoko erakundeek "aditzera eman nahi digute espezializazioaren, ezagutzaren eta nazioartekotzearen bidez berreskurapen ekonomikoaren erronkari aurre egiteko balio duten ideia berritzaile, iraunkor zein sortzaileak izateko gai garela eta bide onetik goazela".

Aburtoren ustez, adierazitako ekimenak "Bilbo Europako informazio- eta komunikazio-teknologia eta material berriak ekoizteko aplikazioaren, diseinuaren eta bikaintasunaren abangoardian kokatzen lagunduko digu". Era berean, Bilboko alkateak As Fabrik proiektuak Zorrotzaurre "talentuari eta kalitatezko lanari (gure ahalegin guztiak jaso behar dituzten bi puntu indartsu) lotutako aukera-espazio bat" bilakatzen laguntzeko duen ahalmena nabarmendu du.

Zorrotzaurren eraikin publiko bat erreferentzia gisa

As Fabrik proiektuak 5.807.642 euroko aurrekontu osoa dauka; zenbateko horretako %80 (4.600.000) Europako Batzordeak onetsitako diru-laguntzarekin ordainduko da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Partida horretako zati bat Zorrotzaurren dagoen eraikin publiko bat egokitzeko erabiliko da, proiektuaren erreferentziazko zentroa eta aurreikusitako jardueren elkargunea izango dena.

As Fabrik proiektuak giltzarrizko lau jarduketa dauzka; jarduketa horiek Europako Batzordearen aintzatespena eta interesa lortu dute ekoizpenaren eredu berri bat -egun laugarren iraultza gisa ezaguna dena- finkatzen lagundu izanagatik. Oraingo erronka 4.0-ko teoriatik praktikara jauzia ematean datza; horretarako, negozio-ideia berriak sustatu beharra dago. Halaber, Udalak, xede horrekin, datozen hiru urtetan -proiektu honen aurreikusitako indarraldia- honako neurri hauek gauzatuko ditu:

• Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak, ekonomia digitalean 4.0 industriako erronkei aurre egitea xede dutenak.

• Alor publiko eta pribatuko eragile edo interes-talde nagusien artean networking-ekintzak gauzatzea, industria-sektoreko beharrei erantzuteko bideragarria nahiz eraginkorra den estrategia bakarra koordinatze aldera.

• Bilbon egoitza duten start-up direlakoen merkaturatzea bultzatzeko eta errazteko proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko eskatzen duen ezagutzari, espezializazioari eta teknologiari lotutakoak.

• Zorrotzaurren dagoen higiezin publiko bat birgaitzea, AS FABRIK proiektuan aurreikusitako jarduerak gauzatzeko zentro gisa eta proiektu zein zerbitzu berriak balioztatzeko espazio bezala jarduten dena.

Talentu eta berrikuntzako ekosistema 

As Fabriken irismena eta gogoa daukan proiektu bat erakunde, kluster, zentro teknologiko, enpresa lehiakor eta unibertsitateen inplikazioarekin nahiz konpromisoarekin bakarrik bidera daiteke. Ekimen honen arrakasta gaitasunak, trebetasunak, esperientzia eta jardunbidea batzeko ahalmenari lotuta dago. Udalak bere gain hartuko ditu As Fabriken koordinazioa eta gidaritza baldin eta proiektua Mondragon Korporazioarekin, MIK (Mondragón Innovation & Knowledge), Gaia, Orkestra, Eiken, Idom eta Mondragon Unibertsitatearekin (Ingeniaritza eta Enpresa Fakultateak) batera egikaritzen bada.

Horrela, talentu eta berrikuntzako ekosistema eratzen da hirian, tokiko enpresak ezagutzari buruzko zerbitzu trinkoetan garatzen nahiz industria-sektorean sustatzen lagunduko dituena; halaber, ekosistema hori eraldaketa adimentsu baten prozesuan inplikatu behar da aktiboki haren etorkizuna ziurtatzearren.

Gauzen Interneta, konektibitatea eta automatizazioa

Bilboko Udalak, jarduera, aberastasuna eta ongizatea sortze aldera hiriko eta lurraldeko enpresa zein industria-ingurua hobetzeko garrantziaz jabetuta, bere ahaleginak batu ditu "gauzen Internet" delakoaren ahalmena aprobetxatzeko; horretarako, horren onurak ekoizpen-prozesuan erabili ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainen kasuan, "fabrika adimentsu" gisa eginbehar aktiboa gauzatu behar baitute.

As Fabrikek espezializazio handiko zerbitzuak nahiz egitekoak eskaini eta egikaritzeko teknikoki prestaturik eta kualifikaturik dauden pertsonak eskatzen dituzten enpresentzako proiektu erabilgarria izatea du xede. Etorkizunean kostuak murrizten, eraginkortasuna irabazten eta produktuak pertsonalizatzen laguntzen duten instalazio digitalizatu eta robotizatutakoak konektatu eta ezarri beharko dira halabeharrez. As Fabrik, alde batetik, tokiko enpresek aurre egin beharreko erronkak identifikatzeko nahiarekin eta, bestetik, erronka horietarako konponbideak proposatzeko gogoarekin sortu da.