Zazpigarren artean emakumeentzako gune baten etengabeko bilaketa

uriola.eus 2016ko urr. 14a, 10:49

Argazkia: María Guijarro @Maritxu30

'Zinemakumeak gara!' jaialdiaren XXI. edizioa urriaren 17an hasiko da BBK Salan, "emakumeek egindako zinemarik onena", Bilboko ikusleengana hurbiltzeko konpromisoarekin. "Kategorietatik ihesi, aniztasunaren alde" egiten duten filmak dira antolatzaileek aukeratutakoak. 

Aurtengo programazioa, fikzio, dokumental, film labur, mahai-inguru eta solasaldiz osatua, ideia baten inguruan antolatu da: zazpigarren artean emakumeentzako gune baten etengabeko bilaketa.

AEB, Hego Korea, Grezia, Espainia edota Irango ekoizpenak dira erakustaldiaren parte, eta era batera edo bestera bertan izango dira Jenny Slate, Pilar Miró, Rokhsareh Ghaem Maghami, July Jung edota Athina Rachel Tsangari.

Gainera, Las sinsombrero dokumentala eskainiko da, 27ko Belaunaldiko emakume eleberrigile, ilustratzaile, eskultore, pentsalari, margolari eta olerkarien ibilbidea errepasatzen duen lana, oraindik ere oso ezezagunak baitira.

Aurtengo edizioan omenaldia Nuria Vidal zinema-idazle eta kritikariari egingo zaio; Mexikon jaioa baina Espainian bizi da, eta bere lanbide osoa zeluloidearen unibertsoari eskaini dio.

Zinemari buruzko 20 liburu baino gehiago idatzitakoa, Fotogramas aldizkarian hiru hamarkada baino gehiagotan kolaboratua, fikziozko eleberri bat ere badu, eta kritika-eskolak ematen ditu Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunyan (ESCAC): horiek dira Vidalen curriculuma osatzen duten lorpenetako batzuk, eta zinemaldiak ematen duen Simone de Beauvoir saria jasoko du.

Erakustaldiaren esparruan, Xprest!Aux film laburren jaialdiko azken entrega osatu zuten lanak ere proiektatuko dira.

Zinemakumeak Gara!-k, emakumeek zuzendutako zinemaren erakustaldiaren antolatzaileak, BBKren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du aurtengo edizio honetarako. 

www.zinemakumeak.com

facebook.com/zinemakumeakgara

#Zinemakumeak