Gontzal Sanchez Negrok eta Matias Candeirak irabazi dute Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIII. edizioa

uriola.eus 2016ko urr. 17a, 09:00

Udalak deitutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXIII. edizioak baditu irabazleak. Gontzal Sanchez Negro abadiñarra da irabazlea euskarazko kategorian Heriotza maitasunez kontakizunarekin, eta gaztelaniaz idatzitako ipuinen artean, berriz, saria, 2014an accesita lortu zuen Matias Candeira madrildarrak irabazi du Hija prodiga kontakizunarengatik. Saria 3.500 eurokoa izan da kategoria bakoitzean.

Horrez gain, epaimahaiak 1.750 euroko hiru accesit eman dizkiete Itziar Beasaini, Udamin errearen istorioak euskaraz idatzitako ipuinarengatik, eta Miguel Angel Gonzalez Gonzalei eta Raul Nagoreri, gaztelaniaz idatzitako ipuinen kategorian, Poner una lavadora eta Las incorrecciones kontakizunengatik, hurrenez hurren.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa urtero deitzen du Udaleko Kultura Sailak, eta bere helburua literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea da, eta baita Gabriel Aresti (1933-1975) idazle bilbotarraren oroimenari eustea eta haren lana gogoraraztea eta bizirik iraunaraztea ere.

Sarien banaketa ekitaldia ostiral eguerdian egin zen, egilea 1933ko urriaren 14an jaio zen egun berean, hain zuzen ere. Ekitaldia Udaletxeko Areto Arabiarrean egin zuten, eta Nekane Alonso Kultura zinegotzia eta epaimahaiko presidentea bertan egon zen, epaimahaiko zenbait kiderekin eta azken edizio honetan saria lortu duten egile batzuekin batera. 

Izan ere, aurtengo edizioko epaimahaiak sariketaren kalitate maila altua eta nazioarteko izaera azpimarratu ditu, 1.648 ipuin jaso baitira, %32 Estatu kanpotik bidalitakoak, ia herrialde latinoamerikar guztietatik, eta baita Estatu Batuak, Frantzia, Alemania, Ukraina, Suedia edo Italiatik ere. Aurkeztu diren lan guztien artean, 46 euskaraz idatzitakoak izan dira.

Euskarazko kategorian, Unai Elorriaga, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia idazlee osatutako epaimahaiaren iritziz, Gontzal Sanchez Negro idazle abadiñarraren Heriotza Maitasunez kontakizuna da edizio honetan aurkeztu direnen artetik hoberena. Kontakizun horri dagokionez, "heriotza ulertzeko gonbita dela" azaldu zuen epaimahaiak, eta "estilo ederra eta tonu zaindua" azpimarratu zituen; baita ahots ezberdinak erabili izana ere, gizartean tabua den gaiari buruzko hausnarketa sakona egiteko.

1973an Abadiñon jaiotako Gontzal Sanchez Euskal Filologian Lizentziatua da UPV –EHUn, eta une honetan gaztelaniazko irakaslea da Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. Donostian bizi da aspalditik. Beste sari batzuen artean, lehen saria lortu zuen Mario Angel Marrodan (2011) XIV. poesia sariketan, Zakarrontzian poema hauek aurkitu ditut, nik neuk botata poesia-liburuarekin, eta lehen saria Errenteria Hiriko XXXV. Ipuin Lehiaketan (2015), Azken etxola hura kontakizunarekin.

Gaztelaniaz

Gaztelaniaz aurkeztutako testuak baloratzeko Juan Bautista Bilbao, Aixa de la Cruz, Maria Maizkurrena, Juan Carlos Marquez, Itziar Minguez, Miren Elixabete Tolarechipi eta Pedro Ugarte idazleek osatu zuten epaimahaiak, Matias Candeira madrildarraren Hija prodiga lana aukeratu zuten. Epaimahaiko kideen iritziz, lan horretan "azpimarragarria da prosaren kalitatea, azkenari buruzko erreferentzien irudimenezko planteamenduaren izaera pertsonala eta testuaren potentzia".

Matias Candeira (Madril, 1984) idazle eta gidoilaria da. 2009tik literatur sorkuntza irakasle gisa egiten du lan hainbat zentro eta erakundetan, Madrilgo Idazle Eskolan, batez ere. Fiebre (Candaya, 2015) eleberriaren, La segunda vida (Aristas Martínez, 2014) eleberri ilustratuaren eta zenbait kontakizun libururen egilea da: La soledad de los ventrílocuos (Tropo editores, 2009), Antes de las jirafas (Páginas de espuma, 2011) eta Todo ira bien (Salto de página, 2013).

Bere ibilbidean ospe handiko literatur sari ugari jaso ditu, horien artean Injuve Narratiba Saria, Ignacio Aldecoa Ipuin Lehiaketa, Madrilgo Udaleko Sortzaile Gazteen Sariketa edo Tomas Fermin de Arteta Nazioarteko Narratiba Saria. Egin duen literatur lanaren aintzatespen gisa, bere liburuak idazteko zenbait sorkuntza beka ere jaso ditu. 2010ean, Antonio Gala Fundazioak Sortzaile gazteentzat ematen duena eta 2013an Han Nèfkens Fundazioaren Literatur Sorkuntzaren beka.

Horrez gain, Bilboko Udalak, bakoitzak 1.750 euro banatuko dituen hiru accesit –bi gaztelaniaz eta bat euskaraz– eman zituen. Raul Nagore (Iruñea, 1941) kazetari nafarrak sinatu duen Las Incorrecciones lanean, epaimahaiak parodiarako indarra eta planteatzen duen proposamenaren desegokitasun politikoa azpimarratu zituen. Miguel Angel Gonzalez (Madril, 1982) idazle eta dramaturgo madrildar gazteari dagokionez, bigarren accesita eskuratu zuen, Poner la lavadora lanari esker. Epaimahaiko kideek ahotsaren berezitasuna eta neurrikoa eta aldi berean hunkigarria den estiloa baloratu zituen. Euskarazko modalitateko accesita Itziar Beasain idazle eta filologoari eman zitzaion, Udamin errearen istorioak kontakizunarengatik.