Mundu osoko film laburren lehiaketa garrantzitsuenetako gisa duen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez Zinebik, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi du. Beste alde batetik, ikus-entzuleek, lan berri-berri horien bitartez, zine garaikidearen panorama osatzen duen sorkuntzako joera, estilo eta argumentu aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute.
Horrela, zine dokumentalari eskainitako 'Beautiful Docs' eta azken aldiko euskal ekoizpen lanei eskainitako 'Bertoko begiradak' sekzioez gain, film luzeen dimentsio berri bat gehituko du Zinebik, askotan industria handian eta areto komertzialetan aurkitzea zaila dena, jaialdiak urtero aurkezten duen zine proposamenaren parte garrantzitsu gisa.
Lehiaketaren lehenengo edizio honetan 9 film luze lehiatuko dira Zinebi First Film Saria jasotzeko. Film horien ekoizpenean 13 herrialdek hartu dute parte: Argentinak, Bulgariak, Txinak, Danimarkak, Estatu Batuek, Arabiar Emirerri Batuek, Frantziak, Israelek, Libanok, Qatarrek, Errumaniak, Tunisiak eta Turkiak. Politika, gizarte, ekonomia, erlijio eta kultura alorretatik hain anitzak diren gune horietan, lehenengo lan horien egileek euren zinea eszenaratzean estilo ezaugarri bereziak eta borondate kritikoa ere baduen subjektibotasunez betetako begiradak erakusten dituzte.
Aukeraketa honetan, ikus-entzuleek mundu garaikidean gizakiek bizi behar dituzten gorabeheren funtsezko gaiak aurkituko dituzte, hirietako bizitza, naturarekiko erlazioa, inmigrazioa eta horek kulturan dituen ondorioak, maitasun harremanak, nortasun pertsonala eta kolektiboa, errealitatea eta fantasia edo familia barruko erlazio berriak, besteak beste.
Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso zuen Ralitza Petrovaren Godless; Veneziako Nazioarteko Zine Jaialdiko Kritikaren Astean Opera Prima Hoberenaren Etorkizuneko Lehoia - Luigi de Laurentiis Saria irabazi zuen Ala Eddine Slimen Akher Wahed Fina; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizioan Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nele Wohlatzen El futuro perfecto ekoizpen lan argentinarra. Azken bi horiek Zinebi 58ren barruan ikusi ahal izango dira Estatuan lehen aldiz.
Zinebi First Film-en barruan lehiatu eta Golem - Alhondiga zine-aretoetan eskainiko diren filmak hauek dira:
- Rat Film (Theo Anthony. EE.BB., 2016. Dok. 84 min.) Estreinaldia Espainian.
- Akher Wahed Fina (Ala Eddine Slim. Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, Libano eta Qatar, 2016. Fikz. 95 min.) Estreinaldia Espainian.
- El futuro perfecto (Nele Wohlatz. Argentina, 2016. Fikz. 65 min.) Estreinaldia Espainian.
- Anashim Shehem Lo Ani (Hadas Ben Aroya. Israel, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.
- Tramontane (Rabih) (Vatche Boulghourjian. Libano, Frantzia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak, 2016. Fikz. 105 min.).
- Zhi Fan Ye Mao (Zhang Hanyi. Txina, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.
- Albüm (Mehmet Can Mertoğlu. Turkia, Frantzia, Errumania, 2016. Fikz. 105 min.).
- Donald Cried (Kris Avedisian. EE.UU, 2016. Fikz. 85 min.) Estreinaldia Espainian.
- Godless (Ralitza Petrova. Bulgaria, Danimarka eta Frantzia, 2016. Fikz. 99 min.).