'Emozioen ARTEan' udazkenean kultura bizitzeko planik onena

uriola.eus 2016ko urr. 18a, 15:57

Udazkenak naturaren kolore-paletarik zabalena eskaintzen du eta orain kolore, magia eta edertasun horiek hiriko kaleetara lekualdatuko dira, Bilbao Art Districtek antolatutako udazkeneko denboraldiari esker. Arte-galeriek, laugarren urtez jarraian, beren erakusketen aurkezpen bateratua eskainiko dute; ekitaldi hori musikarekin, tailerrekin, hitzaldiekin eta Bilboko bihotza kulturarengatiko pasioaz betetzeko beste jarduera batzuekin egingo da. 

Datozen ostiral eta larunbata Bilbao Art Districteko udazkeneko egutegian gehien seinalatutako egunak izango dira; era guztietako ikusleei zuzendutako jardueren programazioa gauzatuko da data horietan, gazteei eta familiei arreta berezia emanaz. Artea intentsitatez bizitzeko eta herritar guztiak kalera irtetera, arte-galeriak eta museoak bisitatzera, jardueretan parte-hartzera nahiz sormenaz eta talentu artistikoaz hunkitzera animatzeko 40 proposamen baino gehiago bildu dira agenda batean; bertan aurreikusitako planen artean honako hauek dira aipatzekoak: artistekin topaketak, musika zuzenean, performanceak, tailerrak eta bisitaldi gidatuak.

Bilbao Art Districten udazkeneko denboraldia sustapen kulturaleko ekintza da; bertan, arte-galeriek, museoek, erakusketa-aretoek eta beste espazio batzuek ahaleginak batzen dituzte denboraldi berriko beren erakusketak batera aurkezteko. Horrela, herritarrek arte modernoaren funtsezko pertsonen lana ezagutu dezakete, hala nola Francis Baconena Guggenheim Bilbao Museoan, ibilbide handiko euskal margolariena (besteak beste Carmelo Ortiz de Elgearena, Arte Ederretako Museoan), eta artista berrien zein ospetsuena, galerien programazioaren barruan. Hain zuzen ere, Bilbao Art Districten helburuetako bat arte-galeriak herritar guztiengana (gazteengana, bereziki) hurbiltzea da. Hori baita ezkutatzen dituzten altxorrak aurkitzeko, haien ibilbidea horien arduradunen eskutik ezagutzeko eta bildumazaletasunean interesatzeko modu bakarra.

Haien obra propioak aurkezten dituzten artistak

Artistekin topaketak izatea datorren asteburuko alderdirik nagusienetako bat da. Ivan Chacon, Rut Olabarri, Amadou Tounkera, Irene Linares sortzaileak eta Sra. Polaroiska taldea haien obrak erakutsiko diren galerietara hurbiltzen jendeari arreta eskainiko diote, zuzenean; Antonio Ranieri artistak, berriz, Spazio Ranierin egingo du gauza bera. Zalantzarik gabe, arteko protagonisten eskutik artearengana hurbiltzeko aukera paregabea da. Horretaz gain, larunbateko programazioan, Ainara LeGardon musika-artista, Ana Capilla dantzari eta musika-sortzailea eta Jone Saitua nahiz Idoia Garai performerrak protagonista dituzten hainbat performance egongo dira. 

Ostiral eta larunbaterako aurreikusita dauden bisitaldi gidatuek ikusleei adierazpen artistikoak hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko diete. Plaza Biribileko Turismo Bulegoan Bilboko zinema-emanaldietako lokalen gaineko bi hitzaldi eta bisitaldi programatuko dira; horietan izena eman beharra dago aldez aurretik, bai 94 420 53 30 telefono-zenbakira deituz, bai www.bilbaoartdistrict.com webgunearen bidez. Hiriko eraikin eta espazio desberdinetan dagoen horma-arte garaikidea SC Galleryk antolatutako argibide-ibilbideko protagonista izango da; Aldama Fabre Galleryk, ostera, bisitaldi gidatu bat antolatu du Niloufar Banisadr artistaren erakusketara. Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoa ekimen horretara batu da ere, Xabier Artolozagaren eskultura-tailerra bezala; eskultura-tailer horretan artistak berak hurbilduko die ikusleei bere obra. 

Lehen mailako erakusketak arte-galerietan

Asteburu honetarako aurreikusi den guztia Bilbao Art Districtek antolatutako udazken kulturalaren aurrerapena baino ez da izango. Denboraldi osoan zehar lehen mailako erakusketa-kartel bat mantendu dute arte-galeriek. Bertan, erakusketa kolektiboez gain hainbat artisten lan berriak aurki ditzakegu: Miriam Ocáriz, Eduardo Vega de Seoane, Carmelo Ortiz de Elgea, Iñaki de la Fuente, Toni Crabb edo Grip Faces artistena, besteak beste.

Bilboko udazken artistikoa aurrera eramatea posible izan da honako arte-galeriei esker: Juan Manuel Lumbreras, Vanguardia, Kalao Panafrican Creations, Ederti, MH Art Gallery, Rembrandt, Windsor Kulturgintza, Aldama Fabre Gallery, Espacio Marzana, SC Gallery eta La Taller. Hainbat erakunde ere inplikatu dira ekimen honetan, besteak beste: Euskal Herriko Unibertsitatea, Guggenheim Bilbao Museoa, Arte Ederren Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Azkuna Zentroa, Rekalde Aretoa, Ondare Aretoa eta Bilbao Arte Fundazioa. Horrez gain, arteari irekitako hainbat gunek proposamenarekin bat egin dute, besteak beste: Deustuko Zubiko etxola, CFC Bilbao, Euskal Akuarelisten Elkartea, Zaila, Okela Sormen Lantegia eta EHAEO.

Sektore estrategiko baten alde elkarrekin egindako ahalegina

Museoek, erakusketa-aretoek, unibertsitateak, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak arte galeriekin bat egin dute, Bilbao Art Districten proposamen kulturala eskaintzeko. Elkarrekin egindako ahalegin hori funtsezkoa da herritarren artean artea sustatzeko helburua duten ekimenak diseinatzeko, eta, horrez gain, Bilborentzat estrategikoak diren industria kulturalean eta artearen sektorean eragin positibo bat sortzeko; izan ere, sektore horiek gaitasun handia dute jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko. 

Programa osoa 'Emozioen ARTEan' gidan

Antolatutako jarduera guztiak 'Emozioen ARTEan' izeneko gidan barne hartu dira, euskaraz zein gaztelaniaz editatu dena. Bertan, informazio zehatza eskaintzen da Bilbao Art Districtek datozen hiru hilabeteetarako antolatu dituen jarduera guztien berri izateko. 15.000 ale banatuko dira turismo-bulegoetan, galerietan, museoetan, ekimenean inplikatutako arte-espazioetan eta hoteletan.