Goizeko 06:30ak dira, Urkiolako Santutegiaren ondoan, Gorbea igaro barri dauen Maider nire lagunari bere hurrengo 25 kilometrotan zehar konpainia apur bat egiteko prest nago. Gero koadrilako beste lagun batek, Koldok, lekukoa hartu ta Maiderren ondoan Landatik Araiara dagoan 40 km-ko distantzia beteko dau. Izugarria da bi urterik behin Gorbea, Anboto eta Aizkorri batzen dauzen proba honetan dagoan giroa. Aparta benetan. Mendizaleen arteko laguntasuna, lehiarik bako irrien partekatzea edota udagoieneko mendietako paisaia ederrak protagonista izaten dauzen iraupen luzeko martxa, jai edo plazer bihurtzen da.
Ondino be ezin dot ulertu zelan euskal komunikabide gehienetan Japoniako GP sari nagusiak "Hiru Handiak" probak baino minutu edo lerro gehiago bete leikezan. Zoritxarrez kazetariok sarritan kanpoko handitasunaren bila joteko joerea dogu gurean daukaguzan suster bikainak ahaztuta. Araba eta Bizkaia lotzen dauzen 100km-ko proba honetan 1.700 parte hartzaile artiu dira eta Europa mailako probetarako be puntugarria da, baina antza danez Marquez edo Rossi barik euskal komunikabide ugariko kirol saioetan ez dago albiste bihurtzerik.
Komunikazinotik inkomunikazinora pasauta euskal mendietako bidezidorretatik dabilzan aktoreei buruz pare bat berba. Euskal Herriko basoetan udagoienagaz batera ehiza sasoia be heltzen da eta kolektibo gehienetan pasetan dan moduan alde batetik zentzuna daben ehiztariak dagoz eta beste alde batetik zentzunik bakoak. Kontua da zentzunik bako eskopetaduna naturako harrapakaririk handiena baino arriskutsuagoa izan daitekela. Orixol edota Jarindo mendien inguruetan tiroka lotu barik ebilzan dozenaka ehiztari topatu genduzan ehundaka ibiltarik osotzen gendun martxatik lau edo bost metrora. Euretariko batek ibiltari bat zauritu eban, normala, nahiz ta ibiltariak alboan izan ezerri ez inori erreparatu barik tiroka jarraitzen ebelako batzuk. Hori gitxi balitz mendi tontorretatik hur ibiltariak aurreratu nahian oihuka eta klaxonari eraginda bide ezin estuagoetatik pasau gura eben patroletan ioiazan ehiztariak ezin larrutu barik laga.
Doala aurretik norberaren astialdian izaki bizidunak hilteak sortzen dauen plazerra ez dodala ulertzen baina orain ez naz eztabaida horretan sartuko. Eskopeta bat eta lizentzia bat eukiteagaitik edonoren edo edozerren gainetik mendiaren jaun ta jaube sentitzen diran horreei ordea nire mespretxurik handiena.