Mantentze-lanen kontratu berriarekin Bilboko galtzaden egoera ona bermatuko dute

uriola.eus 2016ko urr. 20a, 10:04

Udaleko Gobernu Batzordeak udalerriko galtzada, plaza, parke, zubi, oinezkoen zubitxo, bide eta oinezkoen espazioetako zoladuraren eta haren elementu osagarrien mantentze-lanak egiteko, artatzeko, konpontzeko eta aldatzeko zerbitzuaren lizitazioaren hasiera onartu du. 

Kontratu berriak 3,9 milioi euroko gehienezko kostua izango du datozen lau urteotarako eta hiriko bizimoduaren kalitatea hobetzen lagunduko du.

Zerbitzu honek bere gain hartuko du udalerriko galtzada guztiak kontserbatzeko eta mantentze-lanak egiteko ardura. Guztira, 2,4 milioi metro karratuko azalera hartzen dute eta horietatik 2,1 milioi metro karratu aglomeratu beltzak okupatzen du, oso ohikoa gure kale, bide eta oinezkoen pasabideetan; hala ere, bestelako materialak ere badaude, koloretako aglomeratua eta hormigoi inprimatua, esaterako.

Kontratu berriaren barruan, mantentze-lanetako oinarrizko zerbitzuak daude, aldez aurretik programatutakoak zein ezustekoengatik berehala egin beharrekoak. Horren ildotik, enpresa esleipendunak ezohiko egoerei –uriolak, lur-jauziak, zoru-hondoratzeak edo  zuloguneak- aurre egiteko bitartekoak dituela bermatu beharko du.

Era berean, Udalak ezinbesteko baldintzatzat jo du enpresa esleipendunak irisgarritasunari eta segurtasunari dagokionean herritarra kontuan hartzea, edota galtzaren egoerari buruzko ohar eraginkorrak bidaltzea  auzokoei.

Kontuan hartuko da, baita, enpresak baliabide teknologikoak, jasangarriak eta eragingarriak gehitzea eta zerbitzua ematean modernizazio eta kalitatea izatea.

Bestalde, mantentze-lanez gain, espazio horiek berriztatzeko edo konpontzeko Udaleko teknikariek egoki iritzitako lanak gauzatu beharko ditu enpresa esleipendunak, betiere horiek egiteko ekitaldian aurrekontuko esleipena badute.