uriola.eus

Musikaldiaren XIII. edizoa ospatuko dute bihar Areatza inguruan

  Kultura-aisialdia  Bilbo

Bilbo Musikaldiaren XIII. edizioaren egoitza izango da. Euskadi Musika Eskolen jaialdia bihar, maiatzaren 20an ospatuko dute, Alde Zaharraren eta Areatzaren inguruan. 10:00etan hasi eta 18:00ak arte Euskal Musika eskola anitzek urtean zehar egindako lana erakutsiko dute. 

Larunbat honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 46 eskoletako 3.800 ikasle Alde Zaharraren eta Areatza inguruan bilduko dira Musikaldia, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen jaia, dela eta. Musikaldia ikasle zein irakasleen arteko topaketa da, musika eskoletan musika, dantza eta euskal kulturaren alde egiten duten lana gizarteari erakustea helburu duena.

Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari batek eta EHMEko zuzendariak, Izusko Loroñok, Bilboko Musika Eskolako ikasle eta Zarauzko abesbatza batzuekin ekitaldiari hasiera emango diote 10:00etan Gas Plazan. Jarraian hil osteko omenaldia egingo zaio Imanol Urbieta, pedagogia eta musikaren aitzindari izan zen autore bikainari. 10.30etan Musikaldia 2017ko Abian da Festa abestia estreinatuko dute eta jarraian, 10:45ak aldera, kalejira desberdinak irtengo dira Musikaldian goiz osoan zehar egongo diren eszenatoki desberdinetara.

Larunbatean, Bilbon 5.000 pertsona inguru bilduko direla kalkulatzen da, kalean (Plaza Barria, Gas Plaza, La Concordia geltokia, Erriberako Merkatua, Prim eta Iturribide kaleen elkargunea, Unamuno plaza, Arriaga plaza, Arriaga Antzokiaren alboa), zein gune itxietan (BilbaoMusika, Bidebarrieta Liburutegia, Bilborock, Euskal Museoa, Joan Santuen eliza, Katedraleko arkupeak, Mugika Eskola Publikoa, Sarriko Kontserbatorioa) antolatu diren hamasei eszenatokitan.

La Concordia tren geltokiaren aurrean goiz osoan zehar Jam Sessionak egiteko eszenatoki bat jarriko dute. Bidebarrieta Liburutegian ahots topaketa bat izango da eta Prim kalean, 'La Burreria' eraikinaren ondoan, Bilboko eskolen lehenengo eta bigarren hezkuntzako ikasleen erakustaldia. Abesbatzek Euskal Museoan eta Santos Juanes elizan jardungo dute, pianoaren soinua, aldiz, Donejakueko Katedralaren estalpean eta San Nikolas plazatxoan entzungo da eta egungo soinuak, berriz, Bilborock eta bestelako eszenatokietan.

Jaia, Plaza Barrian 17:00etan hasiko den erromeria batekin amaituko dute. Bertan, herri eta hirietako plazetan dantzak dibertitzeko eta elkar ezagutzeko aukera ezin hobe zireneko, antzinako giroa berriro bizitzeko aukera paregabea izango da.

Aipatzekoa da ere, edizio honetan espazioek historian zehar era guztietako musikarekin erlazionatutako emakumeen izenak daramatzatela, Santa Ceciliatik hasita, Alma Mª Schindler, Clara Wieck, Katia eta Marielle Labeque, Ella Fitzgerald, Maria Callas, Violeta Parra, Janis Joplin, Patti Smith edota Alicia de Larrocharekin jarraituz, Inma Shara, Ainhoa Arteta, Alicia Alonso eta María Joao Piresera iritsi arte.

 

2017/05/20 09:00

Alde Zahar eta Areatza inguruak Bilbo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa