La Pamplonesa Bandak kontzertua eskainiko du igandean Euskalduna Jauregian

uriola.eus 2016ko urr. 21a, 09:05

1919an sortutako La Pamplonesa Musika Bandak, 1919an sortutakoa, igande honetan, urriak 23, kontzertu bat eskainiko du Euskalduna Jauregian 12:00etan. 'Europako musika sinfonikoa Bandarentzat' lelopean musikariek J. Vicent Egearen zuzendaritzapean jardungo dute. 

 

Ekitaldiaren lehenengo zatian Piet Swertsen Martenizza, Jan de Haanen Banja Luka eta J. Vicent Egearen Encierro (Bull Running) obra ezagunak interpretatuko dira, bigarren zatian aldiz, Johan de Meij nagusiaren Sinfonía nº 2 'The Big Apple' entzun ahal izango da.

Piet Swerts (1960- ) belgikarra Lovainako Lemmens Institutuko irakasle eta musikagile ospetsua da. Martenizza (1993) da bere estiloaren erakusgarri, bi sekzio oso indartsuekin, erdiko sekzio labur eta misteriotsuak bakarrik eteten dituena.

Banja Luka (1995), Jan de Haan (1951-) holandarrarena, lehenengo erromatarrek, ondoren turkiarrek eta gero austriarrek okupatutako Bosniako hiri baten izena hartu du. 'Lukasen Bainuak' esan nahi du, ebanjelari horrek aurkitu baitzuen urek sendatzeko duten ahalmena, oraindik bizirik dirauena. Behinolako Jugoslaviako gerra zibileko ekintzak eta sentimenduak azaltzen dira. Sarrerak tragedia ekarriko duen gatazka adierazten du. Ondoren, otoitz bat tronpeta eta tronboiarekin berriro lotzeko gatazkarekin. Gobernuek (saxofoi altua eta flauta) ez dituzte aditzen aienak eta garbiketa etnikoa gertatuko da.

Encierro, J. Vicent Egearena, entzierroaren sentsazio-zurrunbiloaren agerkaria da. La Pamplonesa Musika Bandak estreinatua 2014an; zortzi sekzio ditu, ibilbideak dituen tarteak adina, tarte bakoitzaren abiadura, luzera edo arriskuen ezaugarriekin. Horrekin batera, autorearen sentsazioak daude: tentsioa, beldurra, dinamismoa, dramatismoa, indarkeria, ziurtasunik eza, indarra, kolorea eta triunfalismoa. Johan de Meij (1953- ) holandarra Banda Sinfonikorako musikagilerik ospetsuenetakoa da.

Bere errepertorio zabaletik azpimarratzekoa da bere 2. Sinfonia liluragarria, The Big Apple 'Sagar Handia' (1993); "New York-i eskainitako Oda", autoreak dioenez. Skyline lehenengo mugimenduak etxe-orratzek ortziarekin marrazten duten lerroa adierazten du. Times Square hiriko soinuak barne hartzen dituen interludioa da eta Gotham, berriz, hiriaren kanpoaldeko pandilen arteko borroken erakusgarri indartsua.

Sarrerek prezio herrikoia izango dute, 2 eurokoa. Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Nabarmentzekoa da, hurrengo igandean, urriak 30, Bilboko Bandak 'Bidaia artean zehar' kontzertua eskainiko duela Iruñeako Gayarre Antzokian. Jose R. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean Alfred Reed, Philip Wilby eta Santiago Quinto Sernaren obrak interpretatuko dira.

J. Vicent Egea

J. Vicent Egea goi-mailako tituluduna da Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioko Konposizio, Orkestra eta Koruen Zuzendaritzan. Londresko Royal Academy of Music-en Orkestra Zuzendaritzako Certificate of Advanced Studies agiria lortu zuen. Orkestra Zuzendaritzan Special Student moduan graduatu zen New Yorkeko Manhattan School of Musicen. Hainbat sari jaso ditu musikagile moduan; hauek dira aipagarrienak: Tolosako Abesbatzen Nazioarteko saria, Leipzigeko Musikagile Gazteen Nazioartekoa (1995) eta J.Turina (1998). Iruñeako Udalaren, Valentziako Generalitatearen, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren Baluarte Auditorioaren, INAEMen, CDMCn, AIEn, Institut Valencia de la Musicaren eta Culturartsen enkarguak izan ditu, besteak beste. Bost kontinenteetan jo izan da bere musika. Espainiako Orkestra Nazionalaren zuzendari laguntzailea izan da. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Euskadikoa, Madrileko erkidegokoa, Galiziako Real Philarmonia, Madrileko Errege Antzokiko Bakarlariak eta abar zuzendu ditu. Gaur egun bateratu egiten ditu La Pamplonesa Musika Bandaren zuzendaritza eta irakaskuntza (Nafarroako Goi-mailako Kontserbatorioko Orkestraren eta Bandaren zuzendari moduan), konposizioa eta zuzendari gonbidatuaren lana.