Indarkeria sexista

24 ordutan izan diren bi sexu eraso salatzera dei egin dituzte hiritarrak

uriola.eus 2016ko urr. 25a, 11:00

Zorrotzaurren eta Boluetan joan den asteburuan bi emakumek jasandako sexu erasoak publikoki gaitzesteko deia egin du bai Deustuko PARE talde feministak bai Bilboko Udalak. Hitzordua bihar, asteazkena, izango da 19:30ean, Deustun, Frank Gehry zubi ondoan, IMQ klinika parean. 

Igandeko Zorrotzaurreko erasoa ikertzen dabiltza oraindik ere, eta ondorioz, poliziak ez du informazio askorik eman. Erasotutako emakumeak abusuak jasan zituela eta zauritu egin zutela eman dute jakitera. Bi gizon atxilotu dituzte erantzule gisa.

Bestalde, Boluetan sexu erasoa jasan zuela salatu du 17 urteko neska batek. Larunbatean 22:00ak aldera izan zen erasoa, neskak adierazi duenez, aparkaleku batetik gertu. Ertzaintza gertatutako ikertzen ari da.

Bi eraso hauen aurrean, Bilboko Udaleko alderdi guztiek adierazpen bateratu bat kaleratu dute "sumindura" agertzeko. Deustuko PARE talde feministak mobilizazioa deitu du bihar, urriak 26, asteazkena, 19:30ean, auzoko Frank Gehry zubi ondoan.