Proiekzioak, adituen masterclass saioak, mahai inguruak eta profesionalen bilerak uztartuko dira Bilbao Web Fest jaialdiko bigarren edizioan urriaren 26tik 29ra. Jaialdiko partaide izango dira web telesailen zaleak, aktoreak, zuzendariak, ekoizleak eta telebistako kateetako ordezkariak, besteak beste.
Mundu mailako estreinaldien artean ikusi ahal izango dira 5 baksiv.net (Ukrainia), 88th St., A league of Their Own (Hego Korea), Run Rachael Run (Singapur), 1Life (Erresuma Batukoa), ONYROS (Italia) eta This new world (Espainia).
Horiekin batera, lehiatuko dira Sail Ofizialean, The wizards of Aus komedia australiarra, Supernatural Fandom kanadarra, Ren: the girl with the mark, Erdi Aroan girotutako ekoizpen britainiarra, edota Black estatubatuarra, CIAk sortutako ezkutuko talde militar baten misioak kontatzen dituena.
Lehiatuko diren tituluak lau sailetan banatuta egongo dira: Sail Ofiziala, Amets, Trailerrak eta Euskal Screenings. Koldo Serra zuzendariak eta Leyre Berrocal akotoreak osatuko dute epaimahaia mundu mailako web telesailen jaialdietako hiru sortzailerekin batera. Webfest Berlineko Meredith Burkhodler, Koreako K Webfesteko Young Man Kang eta Sicily Webfesteko Riccardo Cannella, hain zuzen ere.
Urriaren 29ko sari banaketa ekitaldian, Guggenheim Museoan, emango dituzte ezagutzera aurtengo irabazleak.
Saria ziurtzat duena Javier Fesser zuzendaria da. Javi y Lucy telesail "aintzindariagatik" Bilbao Web Fest jaialdiaren ohorezko saria jasoko du Fesserrek. 2011n bi milioi deskarga baino gehiago izan zuten Javi y Lucy-ren kapituluek.
Aurtengo berrikuntzeko bat da jaialdiak iraun bitartean Azkuna Zentroan antolatuko den webserieen munduko lehenengo azoka eta merkatua, Bilbao Web Market izenpean. Formatu horretan lan egiten duten ikus-entzunezko sektoreko profesionalei edota formatua ezagutu nahian dabiltzanei zuzenduta dago.