Labore, Bilboko ekoizle eta kontsumitzaileen sarea sortu nahi duen proiektua

uriola.eus 2016ko urr. 26a, 09:03

Bilbo bezalako hiri handian elikadurak eta kontsumoak kezkatuta elkartu dira hainbat lagun. Elikadura burujabetzan "urrats praktikoak" eman nahian sortu dute Labore proiektua. Aste honetan GITE-IPES elkartearekin batera antolatu dituzten jardunaldiek eztabaida eta hausnarketa piztea dute xede. 

Galdera asko eginez eman dute bere burua ezagutzera Labore proiektuko kideek. "Zer jaten dugu?", "zelan ekoitzi dute?" eta "non ekoitzi dute?" dira galdera horietako batzuk. Erantzunak kezka sortzen dietela azaldu du Patxi Arostegi Laboreko kideak, berarentzat eta gainerako kideentzat elikadura eta kontsumoa gai "garrantzitsuak" direlako. "Ikusten dugu urruneko jakiak ekartzen dituztela inguruan izanda; hori da landu nahi duguna, besteak beste". 

Egungo mundu globalizatuan jakiek "nortasuna galdu" dutela dio Arostegik. Errealitate horri buelta eman nahian, jakien nortasuna berreskuratzea eta bertako ekonomia sustatzea posible dela erakutsi nahi dute. Horretarako sortu dute Labore proiektua, edo proiektuaren hazia. Elikadura subiranotasuna oinarri duena. "Bilboko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana sortzeko" eta "beste herri eta hiri batzutan dauden elkarteen antzeko sarea Bilbon sortzeko aukera aztertzeko". 

Hiri batean helburu horiek lortzea posible dela pentsatzen du David Garnatxok. Iruñeko Landare elkarteko koordinatzailea da Garnatxo. 3.500 kideko elkartea da berea. Errealitateak eta sistema kapitalistak bestelako ereduak sortzeko traba diren arren, "ezinezkoa" dirudien arren, "gizabanakoak bildu eta kolektiboak sortzen direnean, gogoak komunean jarriz, aukera horiek sortzen dira". Garnatxoren iritziz, erronka handiena "kolektibo bezala posible dela sinestea" eta "horri bide ematea" da. Iruñeko Landare elkartean bide hori "demokrazia, berdintasuna eta afektibotasuna" ardatz hartuta egin dute.

EHNE Bizkaia eta Vía Campesinako kide Paul Nicholsonen arabera, beste eredu batzuk sortzea "beharrezkoa" da "denontzat". Bai "gure osasunerako" bai "gure planetaren osasunerako". Eta batez ere, Bizkaian baserritarrentzako da "hainbat arinen egitekoa". 

ilbo Hiria Irratia] Paul Nicholson: "Elikadura burujabetza eskubide politikoa da, zer jan eta nola jaten dugun gure aukera da"

 

'Zer jan?' eta 'nola erosi?' jardunaldiak

Jardunaldietan parte hartzeko ez da izenik eman behar. Saioetako sarrera guztiz librea da. 

Urriaren 26an (asteazkena), 19:00etan, Deustuko Gazte Lokalean

Izenburua: 'Burujabetza ekonomikoa, soberania politikoaren oinarri'

- Esti Besa (Arabar Errioxa ardoa)

- Jon Legorburu (Labore Oarsoaldea)

- Aurkezle-moderatzailea: Haizea Egiguren (LABOREko kidea)


Urriaren 27an (osteguna), 19:00etan, Ekoetxean (Pelota kalea 5, Zazpi Kaleak)

Izenburua: 'Urratsez urrats, Euskal Herria elikadura burujabetzaren bidean'

- Sonia Ingunza (EHNE eta Etxaldeetako Emakumeak-eko kidea)

- Michel Berhokoirigoin (EHko Laborantza Ganbara)

- Aurkezle-moderatzailea: Alaitz Ajuriagerra (Kidekoopeko kidea) 

Bukaera emateko produktuen dastaketa: ardoa, gazta, produktu ekologikoak borondatearen truke.

 

gite-ipes.org

[2016-10-24] 'Zer jan?' eta 'nola erosi?' galderei erantzuteko jardunaldiak gaurtik ostegunera