Udalak, Bilbao Zerbitzuak enpresaren bidez, dispositibo berezia prestatu du Domu Santu egunerako. Horrela bada, azaroaren 1ean udal hilerrietara bisitari asko joango direnez, ixteko ordua atzeratu da. Zehatzago, Bilboko hilerria 08:00etaik 19:00etara zabalik egongo da, urriaren 17tik azaroaren 1era. Deustuko hilerria 18:00ak arte egongo da zabalik Domu Santu egunean; beste egunetan 08:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.
Langile gehiago egongo dira hilerrietan. Galderen % 95 hildako senitartekoen eta lagunen gorpuak non dauden jakiteko izaten da. Domu Santu egunean Bizkaiko gotzainak, Mario Icetak, hilerriko kaperan meza ematea dago aurreikusita. Bilbao Zerbitzuak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa ematen du.
Yolanda Diez Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu neurri bereziak eta aurten udal instalazioak ete zerbitzuak emateko egindako hogeiren bat jarduketaren berri ere eman du. Hobetzen jarraitzeko Bilboko hilerrira doazenei inkesta bat luzatuko zaie betetzeko, hain zuzen, zerbitzuen eta egindako hobekuntzen balorazioa egin dezaten.
Urte guztian Bilbao Zerbitzuak enpresako langileak saiatu dira hilerrietako instalazioen mantentze-lanak egiteko eta hobetzeko. Martxoan Oroimenaren Basoa inauguratu zuten, Bilboko Udalaren Obra eta Zerbitzuen Sailarekin elkarlanean. Errausketatik sortutako errautsak botatzeko eta azken agurra emateko edo aurrerago gomuta-ekitaldiak egiteko beren-beregi diseinatutako lekua da.
Bilboko hilerrietan egindako beste hobekuntza batzuk hauexek izan dira: 4. kalean 234 hilobitan plakak grabatu dituzte, bulegoak egon zireneko eraikina barrutik eraberritu dute eta zuhaitzen egoerari buruzko azterlana egin ondoren 69 zuhaitzen inausketa egin dute.
Oroimenaren Basoa
Oroimenaren Basoa martxoan ireki zenetik, Bilbao Zerbitzuak 106 eskari bideratu ditu bertan errautsak zabaltzeko.
Aldi horretan, Bilboko Udalaren menpe dagoen elkarteak 900 errausketa baino gehiago kudeatu ditu. Zenbateko hori handitu egin da azken urteotan eta, hori dela-eta, elkarte publikoak espazio espezifiko bat prestatu du errautsak zabaltzeko.
Errautsak koroa biribil batean zabaltzen dira, erdian dagoen ereinotzaren inguruan. Gero, ur lainoztatuaren sistema eta ureztatze sistema pizten dira, errautsak pixkanaka xurgatzeko. Loreak edo oroimenerako beste elementu batzuk ere jar daitezke oroigarri moduan, baita errautsontzia ere koroa zirkularraren inguruan. Egunaren amaieran, Bilbao Zerbitzuak erakundeko langileek loreak eta oroimenerako elementuak kentzen dituzte eta errautsontzia desegiten dute, bertan utzi bada.
Hildakoaren errautsak espazio honetan zabaldu nahi izanez gero, harremanetan jarri behar da Bilbao Zerbitzuak erakundearekin (94.423.10.19), zeremoniaren eguna eta ordua zehazteko eta zelan jardun azaltzeko.
Erabiltzaileek oso ondo kalifikatzen dituzte Bilboko hilerriak
Bilboko hilerrietako erabiltzaileek batez beste 7,1eko nota jartzen diete jasotako zerbitzuei, Bilbao Zerbitzuak erakundeak egindako azken inkestaren arabera. Ordutegia, garbitasuna eta langileen laguntza izan dira orain ere ondoen baloratzen diren arloak. Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak adierazi du: “azken inkestak erakusten du bide onetik goazela.
Laburbilduz, emaitza horiek animoak ematen dizkigute zerbitzuaren maila mantentzeko lanean jarraitzeko. Beste behin azpimarratu behar dugu horrelako zerbitzu batean harrotzekoa dela ondoen baloratzen diren arloak gure langileen laguntzarekin lotutakoak izatea, laguntza hori egoera zailean ematen baita”.