Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko Zinegotziaren iritziz, kopuru horiek argi adierazten dute "gure hiria oporretarako helmuga bezala sendotu dela, gehienbat city break edo hiri-turismoko bidaiei dagokienez, eta bere horretan eutsi diola goranzko joerari, bidaiarien sarreretan zein ostatu-gauetan".
Koiuntura ekonomikoa hobetzeari eskera estatuko merkatua suspertzeak eta Bilbo nazioarteko helmuga bezala sendotzeak markak hautsi diren uda ekarri dute. Hala, uztaila eta abuztuan izan dira bisitari gehien hirian.
Sarrerak eta ostatu-gauak gehitu egin dira
Eustatek erreferentziako datuak eman ditu, hain zuzen ere, hoteletan erregistratu diren sarrera eta ostatu-gauei buruzkoak, eta horiek kontuan hartuz, Bilbon 356.393 bisitari egon dira uda garaian. Zehazki esanda, Estatutik 181.606 lagun etorri dira eta 174.787 atzerritik. Hortaz, ehuneko 7,8ko gehikuntza gertatu da. Bisitari gehien egon diren udako hilabeteak abuztua (99.407) eta uztaila (91.420) izan dira, eta ondoren iraila (88.177) eta ekaina (77.359).
Ostatu-gauei dagokienez, aurreko urteko aldiarekin alderatuta % 6,8 hazi dira, eta 707.239 izan dira aurten. Egonaldiek 2 egun ingurukoak izaten jarraitzen dute.
Nork bisitatzen gaitu?: Turismoaren merkatu igorle nagusiak
Nagusiki Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Italiatik datozen pertsonek aukeratu dute Bilbo helmuga gisa. Merkatu tradizional horien jokaera onaz gain, udako erradiografia turistikoak adierazi digu bisitari ugari etorri direla Bilbok urte askoan hiria sustatzen diharduen hirietatik. Zentzu horretan, Austria, Suitza, Danimarka eta Herbehereetatik etorri diren bidaiarien gehikuntza nabarmendu behar da.
Estatuko merkatuari dagokionez eta 2016ko udako estatistikak adierazten duenez, segmentu hauek suspertu egin dira koiuntura ekonomikoa hobetu egin delako. Madril, Katalunia, Andaluzia eta Valentzia dira estatuko bisitarien sailkapeneko lehenak.