Emakumea eta zientzia paradigma, hainbat ikuspegitatik landuta

uriola.eus 2016ko urr. 27a, 09:40

'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloa datorren ostegunean abiatu eta azaroaren 24an amaituko da, generoaren eta zientziaren alorrean espezializatuta dagoen Capitolina Diaz soziologo ospetsuaren, Emakume Ikerlarien eta Teknologoen Elkarteko presidentearen hitzaldiarekin.

Bidebarrieta Kulturguneak, zientziaren dibulgazio hitzaldi zikloa jasoko du azaroko ostegun guztietan. 'Emakumeek zientzia egiten dute' izenburupean, hainbat ikuspegitatik landuko du emakumea eta zientzia paradigma, eta edizio honetan, generoen artean dagoen aldean eta horrek zientzian dituen eraginetan sakonduko du, irakaskuntzaren alorrean zein ikerketa zientifikoan edo erabaki eta gobernu organoetan.

Udaleko Kultura Sailak, UPV/EHUrekin elkarlanean, antolatzen duen programa honen seigarren edizioa datorren astean, azaroaren 3an jarriko da martxan, Naia Pereda Fisika doktoreak, Basurtuko Ospitaleko Erradioterapia Unitateko Fisika Mediko Zerbitzuko kideak, emango duen hitzaldiarekin. ‘Diagnostico precoz del cancer de mama: luces y sombras’ izenburupean, diagnostikorako teknika horretara hurbilduko da, bularreko minbiziaren hautemate goiztiarreko kribatu sistemen inguruan eztabaida handia sortu den une honetan.

Hitzaldien zikloak ostegunean, azaroaren 10ean jarraituko du, Marta I. Gonzalez Filosofian doktoreak eta Oviedoko Unibertsitateko Irakasleak emango duen ‘Saber e ignorar: la cuestion de las mujeres para la ciencia’ hitzaldiarekin. Bere ikerketa interesak zientziaren, teknologiaren eta gizartearen alorrean zentratzen dira. Zientzia eta teknologia gizarte azterlanei, psikologiaren historiari, ingurumen alorreko gatazketako partaidetza publikoari eta generoari eta zientziari buruzko zenbait liburu eta artikulu argitaratu ditu. 2004tik CSICeko Filosofia Institutuko zientzialari titularra da (une honetan lanpostu horretan eszedentzia egoeran dago).

Azaroaren 17rako programatu den hurrengo saioa Encina Calvok gidatuko du, ‘El no-lugar de las científicas’ izeneko topaketarekin. Hitzaldi hori emakumeak egungo zientzian duen egoeran zentratuko da. Fisikan doktorea, Compostelako Donejakueko Unibertsitateko Irakaslea. Azken urteetan, irakaskuntzan genero ikuspegia sartzean eta Fisikaren irakasteko orduan ikasleak motibatzeko zinea eta literatura erabiltzean aritu da lanean.

Programari azaroaren 24an emango zaio amaiera, Capitolina Diaz soziologo ospetsuak, Valentziako Unibertsitateko Soziologia Irakasle eta Emakume Ikerlarien eta Teknologoen Elkarteko (AMIT) presidenteak eskainiko duen ‘Ya no hay ciencia sin mujeres’ hitzaldiarekin.

Soziologian doktorea Londoneko Unibertsitatean, Soziologiako irakaslea izan da Oviedoko Unibertsitatean 1992tik, eta bertan Ikerketa Feministen eta Emakumeei buruzko Azterlanen Zentroko kide izan da. Bere ikerketa ildo nagusiak hauek dira: generoaren soziologia; berdintasun politika publikoak; desberdintasunak eta botere harremanak familian; emakumea eta lana; hezkuntzaren soziologia eta gizarte zientzien metodologia. 

Ikerketa taldeetako kide izan da, Europa, nazio edo autonomia mailako I+G hamabost proiektutan, eta horietakoren bat zuzendu du. Ikerketa horien ondorioz, bakarrik edo beste batzuekin batera, ehun argitalpen inguru egin ditu, horien artean, Desigualdades de genero en la distribución de los recursos economicos en las parejas (2015); La perspectiva de genero en la investigacion social” (2015); Las relaciones de genero en el ambito publico (2015), edo Los sesgos de genero en las encuestas oficiales sobre economia domestica (2014).

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.