Zer dela eta erakartzen du jendea Errigorak?
Motibazio desberdinak bultzatuta hurbiltzen da jendea Errigorara. Batzuk gehiago hurbiltzen dira Errigorara elikadura burujabetzan eta bertako produktuetan interesa dutelako, beste batzuk euskarari laguntzeko eta beste batzuk Nafarroa hegoaldeari laguntzeko.
Duela lau bat urte sortu zenetik, arrakastaz arrakasta ari da Errigora. Zein da bere sekretua?
Proba pilotu hura ondo irten zen duela lau urte, eta orduan definitu zuten nahiko modu eraginkorrean egun Errigora bezala ezagutzen dena hiru baloretan oinarrituta: euskara, elikadura burujabetza eta auzolana. Hau da, Nafarroa hegoaldeko euskarari laguntzea, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuak zabaltzea eta auzolan sarea sortzea. Berez konplexuak diren kontzeptuak izan arren, Errigoraren sustatzaileek asmatu dute modu praktikoan aurrera egitea eta sakontzea hiru balore horietan. Nik uste hori dela Errigoraren arrakastaren zati bat.
Bi kanpaina sustatzera iritsi da Errigora, udazkenekoa (oraingoa, 'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka') eta udaberrikoa. Zelako bilakaera izan dute?
Udaberrikoak izan du hazkunde esponentzialagoa, bereziki azken urtean. Udazkenekoa hasieratik izan da masiboa, iaz nolabait mantendu egin zen, 2014 urteko emaitzak erripakatu ziren saski kopuruari dagokionez. Bi kanpainen arteko uztarketatik Errigorarekiko interes handia piztu da Nafarroa hegoaldeko ekoizleen artean. Ekoizleek etengabe batu nahi dute dinamika honetara, eta hortik dator aurtengo berrikuntza; bi saski eskaintzea. Izan ere, saski batean ez ziren sartzen hainbeste produktu. Hori dela eta aurten, saski beltza eta saski zuria daude.
Zer du saski beltzak eta zer zuriak?
Saski beltzean orain arteko produktuak daude gutxi gorabehera, gero udaberriko kanpainan eskaintzen direnak, olioa, orburuak, potxak... eta zurian ohiko produktuez gain sartu dira produktu berriak. Esaterako, arroza eta pasta. Ez dira Nafarroa hegoaldean guk irudikatzen ditugun produktu tipikoak.
Ekoizleak ez ezik kontsumitzaileak ere geroz eta gehiago dira?
Bai. Udaberrian olioa eta kontserbak jasotzen dituztenentzat udazkeneko saskia da produktuen dastaketa egiteko aukera, gero udaberrian produktu horiek eskuratu ahal izatea eskaintzen zaielako. Ondo pentsatuta dago. Eta udazkenean herritarrak berriro ere saskia hartzera animatzeko ekoizle eta produktu berrien eskaintza egiten zaie.
Ideia sinplea modu praktikoan gauzatu arren, zenbat lan dago Errigoraren atzean?
Kristorena lana. Sarekideok badugu egitura muntatuta ardura desberdinekin eta egitura muntatzen dutenek badute nahiko lan, besteak beste, ekoizleen arteko parte-hartzea eta oreka mantentzen. Ez da erraza, izan ere, produktu ekologikoetan, adibidez, zenbait unetan eskaerak eskaria gainditu duelako, bai olioan bai kontserbetan. Bitxia da gertatua. Apustuetako bat da, nire ustez, produktu ekologikoen ildoa zabaltzea.
Nafarroako gobernu aldaketak eraginik izango du Errigoran?
Iaz entzuten zen Errigorako kanpainan ari ginela gobernu aldaketaren eraginaren aipamena, baina errealitatean, saskien emaitzetan ez zen nabaritu.
Haziz eta etorkizunerako bide berriak zabaldu nahian ari da Errigora. Horretarako sortu du Errigorago proiektua. Zer da zehazki?
Herritarren ideia eta proposamen ugari heldu dira Errigorara, eta horietan sakontze-lana egiteko sortu da Errigorago. Euskararen arloan proiektu bat sortu nahian dabiltza diru ekarpenak bertara bideratzeko; elikadura burujabetzaren arloan, merkaturatze bide berriak lantzen, batik bat, eskaerak iritsi direlako jantokietatik, denda txikietatik eta kontsumo taldeetatik; eta auzolan edo herrigintza arloan, zenbait aldaketa egingo dira.
Adibidez?
Otsaileko olioaren kanpaina eta maiatzeko kontserben kapaina bakarrean egingo dira Errigorako sarekideen lana errazteko eta ekoizleei eskariak prestatzeko denbora gehiago emateko. 2017an biak batuko dira. Otsailean egingo dugu kanpaina eskaerak biltzeko, nahiz olioa ohi bezala otsailean banatuko den eta kontserbak maiatzean. Kanpainek sortzen duten lan zama murriztea da helburua, intentsoak izaten direlako. Denbora eta lana gehiago zainduko ditugu horrela.
Zer lan egiten da Bilbon?
Errigoraren kanpainak sustatzen ditugu, bai udazkenekoa bai udaberrikoa. Udazkenekoak zabalkunde asmo handiagoa izan du hasieratik bereziki euskalgintzari ekarpen zuzena egiten zaiolako eta elkarlanean egiten delako. Eragile desberdinen arteko elkarlana hasieratik sustatu da. Sortzen Ikasbatuaz, AEK, Ikastolen Elkartea, Zazpiak Bat eta Errigoraren artean egiten da udazkeneko kanpaina. Oinarri horregatik zabalkunde handiagoa du Bilbon, adibidez, AEK euskaltegi guztietara heltzen da informazioa, hainbat ikastola eta eskoletara, auzo gehienetara eta lantegi askotara. Guztira, 30 bat gune daude Errigoraren informazioa zabaltzeko eta saskiak jasotzeko. Aurten, bereziki, Indautxun apustua egin dute, eta kanpainan hainbat taberna eta saltokik parte hartu dute.
Zein emaitza lortu zituen udazkeneko kanpainak iaz Bilbon?
900 bat saski izan ziren iaz. Aurreko urtearekin alderatuta, saski gehiago eskatu ziren. Bono laguntza baten parekoa da saskia, produktuen dastaketa ere bai, noski. Gainera, badu zeharkako eragin bat, Nafarroako hegoaldeko ekoizle horiek euskarazko etiketak jartzen dituztelako euren produktuetan eta euren web guneak euskaratzen dituztelako. Jendeak nahiz eta zehatz ez jakin, ondo ulertu du saskiaren eta bere eraginaren arteko lotura hori.
Zein dei egingo zenieke bilbotarrei?
Azaroaren 5ean, larunbatean, Biba gunean (Ronda 2) udazkeneko kanpainaren aurkezpena eta produktuen dastaketa antolatu dugu 12:30ean. Bertaratzeko deia egingo nieke.
Azaroaren 18-20ko astebururako Ablitasen hitzartu duzuen auzolanerako behar da laguntzarik?
Bai horixe! Errigorako saskiak prestatzeko auzolana antolatu dugu azaroaren 18-20ko asteburuan Ablitasen. Oso egun politak izaten dira auzolanean jende asko batzen delako. Jai giroan egiten den lana da gainera. Jendea asko motibatzen da beste lagun batzurekin kontaktua eginez, lan materiala eginez eta egiten den lanaren emaitza ikusiz. Partaideek asko eskertzen dute esperientzia hori elkarbanatzea.
Noiz arte eska daitezke saskiak eta non?
Azaroaren 8ra arte eska daitezke 30 gunetan: AEK euskaltegietan, ikastoletan, eskoletan, tabernetan, lantegietan.... leku askotan. Auzo ia gehienetan. Bilbon oso ondo funtzionatzen du online eskaerak. Online eskatzen dutenek bi lekutan jasoko dute saskia azaroarean 30ean: Santutxun, Garoa txokoan, edo Alde Zaharrean, Ronda kaleko Akerrenea lonjan.
Zer esan nahi du Errigorako sarekide izateak?
Lan egitea da sarekide izatea. Guri e-posta bidaltzea nahikoa da horretarako. Interesa duenak idatz eta esan diezagula ‘nire kuadrillakoekin nahi dut Errigoraren kanpaina egin’. Guk bitartekoak emango dizkiogu eta azalduko diogu zer eta zelan egin. Informazioa zabaldu, kartelak jarri, saskiak banatu... Hori dena borondatez egiten dute askok.
Eskaerak egiteko: errigora.eus